XX. mendean hizkuntza indigenei buruz egindako hainbat azterketa deskriptibori esker, hizkuntzalaritza modernoak argitu ahal izan du ez dagoela hizkuntzarik Mendebaldeko zibilizazioko hizkuntzen aldean primitibotzat har daitekeenik, edo haiek baino gutxiago garatu denik. Idazten ez diren hizkuntzak, gramatika edo hiztegi libururik ez dutenak, normalean, gramatikaren deskripzioak edo hiztegiak dituztenak baino garapen gramatikal eskasagokotzat hartzen dira. Halaber, oso hedatuta dago beste ideia hau ere: behin idazten hasiz gero, horrek halako obrak egiteko eta literatura idatzia izateko aukera ematen duenez, hizkuntzak prest daude beren gaitasun gramatikala garatzeko. Ideia horiek erabat okerrak dira. Idazketak eta literatura idatziaren tradizioak ez du inolako eraginik hizkuntzen egitura gramatikalean. Idazketa izateak ez du funtsezko eraginik inongo hizkuntzaren gramatikan. Aurreiritzi hutsa da idazketak hizkuntza finkatu eta kodetu egiten duela sinestea. Giza hizkuntza oro arau zehatzen bidez egituratutako kode bat da eta, arau zehazgarri batzuen arabera, etengabeko aldaketa prozesuan dago. Idazten diren hizkuntzak etengabe aldatzen dira, ahozkoak bakarrik diren hizkuntzak bezalaxe; eta hori da, adibidez, ingelesez eta frantsesez ahozko hizkuntza eta hizkuntza idatzia bat ez etortzearen arrazoia.
Bestalde, idazketarik ez duten komunitateek oso aberatsa eta handia dute ahozko literatur tradizioa, ahozkotasunean garatzen eta ustiatzen baitituzte beren hizkuntzek ematen dituzten aukerak, eta aukera horiek grezierak eta latinak —esate baterako— ematen dituztenen parekoak dira; hau da, hizkuntza klasikoen maila berean daude, eta hizkuntza klasikoak dira Mendebaldeko kulturan gehien miretsi izan den literatura idatzietako baten oinarri.
Batzuek oraindik ere ez dute onartu nahi izaten tribu komunitate txiki baten hizkuntzaren adierazpidea gaztelaniarena, errusierarena edo alemanarena bezain baliagarria, moldagarria eta boteretsua izan daitekeenik. Hala ere, hainbat tribu ezkuturen hizkuntzak deskribatu dituzten hizkuntzalariek —hala nola hixkariana tribuarena (Brasil, 400 hiztun) eta haruaierarena (Papua Ginea Berria, 1000 hiztun) aztertu dituztenek— hizkuntza horien garapena eta gramatika gaitasunak Mendebaldeko hizkuntzen parekoak direla agertu dute. Hixkariana eta haruaiera hizkuntzen gramatika ez da sinplea; komunikatzeko eta adierazteko ahalmena Europako hizkuntzen parekoa dute.
Hizkuntza ezagun guztiek antzeko konplexutasun eta potentzialtasun maila izateak ez du esan nahi, ordea, berdinak direnik. Hizkuntza bakoitza bere idiosinkrasiaren arabera iristen da maila horretara; ez dago alderdi horretan bata bestearen berdina den hizkuntzarik; giza hizkuntzen esparru komun horretan, bakoitzak bere gramatika nortasuna du. Munduko hizkuntza guztiak dira ekarpen original eta baliagarriak, gizakiaren eta gizarte komunitateen adierazpen eta komunikazio betebehar zorrotzetarako.
MARTÍ, Félix (2005). Hizkuntzen mundua: munduko hizkuntzei buruzko txostena. Leioa: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua. (199-200).
Irudia
Cyrus Thomas, via Wikimedia Commons.