1/ Euskal-Erriko lur maite artan
jaio nintzan baserriyan,
itzal aundiko intxaur arbol bat
dago gure atariyan;
aren ondotik irten da noiznai
maldako gaztañariyan,
edo sagarrik onenak jaten
Luberriko sagastiyan,
arbol tartian bizitu nintzan
gazte denbora guztiyan.
2/ Denak utzi ta etorri nintzan,
lur au ikusi nai nuan!
Aritz tantaiak, pago lerdenak
nola ez izan goguan!
Oraiñ artzantzan Ameriketan
arrantxo baten onduan,
eguna pasa larrian eta
jiratzen naizen orduan,
nere begiyak gozatzen dira
aldameneko ombú' an.
3/ Ainbesteraño tristetutzen naiz
eremu zabal oietan,
arbolak, mendi eta errekak
falta diran zelaietan,
non etorri ta eseritzean
ombú tzar onen zañetan,
edo igo ta osto tartian
bere adar bikañetan,
ene, amatxo!, nik nola esan
zenbat gozatutzen detan!
4/ Txabol ondoko ombú laztana,
maitatzen zaitut gogotik,
eta biyotza erdibitzen zait
joatian zure ondotik,
nere burura ekartzen dezun
oroimen gozuagatik.
Zure itxura ikusi nai det,
ez dizut eskatzen frutik,
ni emen bizi naizen artian,
arren, egon zaite zutik!
5/ Nere lagunik maitatuena,
ombú laztana, zu zera,
argatik nator zure kolkora
ni malkuak isurtzera,
iduriturik naramazula
atariko intxaurpera ...
Beti izango zaitut goguan,
bañan joan nai det ostera
Euskal-Iurreko arbolpe artan
nere ezurrak uztera.
OTAÑO, Pedro Maria (1994). Bertso guziak. Donostia: Auspoa Liburutegia 218. (193-194).
ERREFERENTZIAK
(1) MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier, IZAGIRRE, Koldo (1998). Euskal Literaturaren Antologia. Donostia: Elkarlanean. (70).
IKUS HAU ERE
Alkar. Otaño´tar Pedro Mariren olerki onenak, Iñaki Deunaren irakorla, Donostia, 1930.
Pedro Mari Otaño Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.
EUZKITZE, Xabier (2010). Pedro Mari Otaño Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irudiak
1. Gipuzkoako Foru Aldundiko Biltegi Digitala. http://hdl.handle.net/10690/86762 Lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
2. Familiak emandako argazkia. Joxinazkue, via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
3. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia. https://kmk.gipuzkoa.eus/eu/liburutegia.