13. artikulua.— Pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak
3. artikuluaren arabera administrazio publikoen aurrean jarduteko gaitasuna dutenek eskubide hauek dituzte haiekiko harremanetan:
c) Norberaren autonomia-erkidegoko lurraldean ofizialak diren hizkuntzak erabiltzea, lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera.
15. artikulua.— Prozeduretako hizkuntza
1. Gaztelania izango da Estatuaren Administrazio Orokorrak izapidetzen dituen prozeduretako hizkuntza. Dena den, Estatuaren Administrazio Orokorrak autonomia-erkidego batean dituen organoetara jotzean, autonomia-erkidego horretan koofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete interesdunek.
Kasu horretan, interesdunak aukeratutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura. Prozeduran interesdun bat baino gehiago bada eta hizkuntza bera aukeratzen ez badute, gaztelaniaz izapidetuko da prozedura, baina haiek aukeratutako hizkuntzan emango zaizkie interesdunei dokumentu edo lekukotasunak.
2. Autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako administrazioek izapidetutako prozeduretan, dagokion legeria autonomikoan ezarritakoari lotuko zaio hizkuntzaren erabilera.
3. Administrazio publiko instrukzio-egileak gaztelaniara itzuli beharko ditu autonomia-erkidegoko lurraldetik harago ondorioak izan behar dituzten dokumentu edo espedienteak edo haien atalak eta espresuki hala eskatzen duten interesdunei zuzendutako dokumentuak. Gaztelaniaz besteko hizkuntza koofizial bera duen autonomia-erkidego batean izan behar badituzte ondorioak, ez da beharrezko izango itzultzea.