[…]
Azkenik, Tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren aldeko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integralak aitortzen du pertsona orok eskubidea duela tratu berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko, nazionalitateari begiratu gabe, adingabeak nahiz adinez nagusiak izan, legezko egoiliarra izan ala ez, eta adierazten du inork ezin duela diskriminaziorik jasan honakoetan oinarrituta: jaioterria, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo -identitatea, genero-adierazpena, gaixotasuna edo osasun-egoera, egoera serologikoa eta/edo patologiak eta nahasmenduak izateko joera genetikoa, hizkuntza, egoera sozioekonomikoa, edo beste edozein baldintza edo ezaugarri pertsonal edo sozial.
[…]
Hizkuntzak errealitateak eraikitzen ditu eta ekintzarako esparru bat ematen die; horrexegatik, garrantzitsua da aipatzea arrazakeria eta xenofobia ez direla berdinak. Xenofobiak erreferentzia egiten die atzerritarrekiko mesfidantza, gorroto eta etsaitasuneko jarrera, jokabide eta sentimenduei. Desberdintasuna da arrazakeria dela esateko, tartean agertu behar direla arraza adierazleak, eta xenofobiaren erreferentzia, aldiz, atzerritartasuna da. Foru lege honetan erabaki da tituluan arrazakeria eta xenofobia, biak, mantentzea, zeren, xenofobia arrazakeria modu bat bada ere, gizartean duen garrantzia dela-eta komeni baita haren aipamen espezifikoa egitea.
1. artikulua.— Xedea
Lege honen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean eraginkorra izatea berdintasunerako eta etnia- edo arraza-jatorriagatik diskriminatua ez izateko oinarrizko eskubidea, arrazoi hauetako edozein aitzakiatzat hartzen duen diskriminazio-mota oro desagerrarazita: lurralde edo nazio jatorria eta xenofobia, arraza, jatorri etnikoa edo larruazalaren kolorea, eta edozein arrazakeria mota, antisemitismoa edo antigitanismoa, kasu, hizkuntza edo kultur identitatea, edo etnia- edo arraza-jatorriaren beste edozein ezaugarri, inguruabar edo adierazpide, egiazkoa nahiz egotzia, nazioarteko zuzenbideko tresnek aitortzen dituztenak.
[…]
16. artikulua.— Osasunaren arloko neurriak
Osasunaren arloko eskumena duen departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu, batetik, osasun-zainketak hartzeko orduan arraza edo etniagatiko diskriminazioa desagerrarazteko, eta, bestetik, pertsona arrazializatuen osasun integrala modu positiboan sustatzeko, gainerako herritarren baldintza berberetan. Zehazki:
a) Neurriak hartuko dira ziurtatzeko ez dela etniagatiko diskriminaziorik gertatzen osasun-arretan, osasun mentaleko arreta barne. Horretarako, genero-ikuspegi intersekzionala eta arrazakeriaren aurkakoa txertatuko da, eta protokoloak eginen dira pazienteen eta lan-inguruneko jokabide arrazistak prebenitzeko. Osasunari buruzko informazioa hainbat hizkuntzatan eman beharko da, pertsonen osasun integralerako zerbitzua bermatzeko, bakoitzaren etnia- edo arraza-jatorria zein den ere, baldintza berberetan.
b) Osasun-arloko jarrera arrazistak prebenitzeko ekintzak eginen dira hainbat hizkuntzatan (gidak eta prestakuntza-materiala barne).
17. artikulua.— Etxebizitzaren arloko neurriak
2. Honako gai hauei buruzko informazioa emanen da, hainbat hizkuntzatan: pertsona arrazializatuen eskubideak, etxebizitzaren eta errentamenduen arloko legeria, diskriminaziozko eta legez kanpoko jardunbideak eta jardunbide horietatik babesteko nahiz jardunbide horiek zehatzeko mekanismoak.
20. artikulua.— Komunikazioaren eta sare sozialen arloko neurriak
2. Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, hedabideen eta informazioaren teknologien enpresen independentzia oztopatu gabe, sustatu behar du horietan har daitezen kode deontologikoak eta autoerregulaziorako akordioak, aurreiritzi diskriminatzailerik eta estereotiporik gabekoak, lagungarriak direnak honetarako:
a) Errespetuzko hizkuntzaren erabilera sustatzeko, batez ere arrazista eta xenofoboa ez den hizkuntza, diskriminatzailea ez dena, orokorrean, hedabideetan terminologia iraingarria desagerrarazten laguntzen duena, mezu komertzialak eta publizitatekoak barne.