[…]
Errioxako Autonomia Erkidegoak unibertsitate publiko bat du, Errioxako Unibertsitatea, zeina baita ezagutza berria sortzeko funtsezko elementua. Ikerketa-jarduera irakasleen eta ikertzaileen eskubidea eta eginbeharra da, eta helburuen artean ikerketa sustatzea eta gauzatzea dago. Errioxako unibertsitate-sistema Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalari atxikitako zentro batekin eta lineako unibertsitate pribatu batekin osatzen da. Autonomia Erkidegoak erreferentziazko ikerketa-zentroak ditu osasun-arloan, mahastizaintza- eta ardogintza-arloan, kulturaren eta historiaren arloan eta espainieraren arloan. Ekonomia erregionalaren funtsezko sektoreetan espezializatutako zentro teknologikoen sare bat dago, hala nola nekazaritzako elikagaien sektorean, ontzi eta enbalajeen sektorean eta oinetakoen sektorean, bai eta eraikuntzaren eremuan, automobilgintzarenean, informazioaren eta komunikazioaren teknologienean, bioteknologiarenean edo zurgintza eta altzarigintzarenean espezializatutako enpresa-elkartzeen sare bat ere. Bestalde, Errioxak oso lehiakorra, berritzailea eta nazioartekotua den industria-sare sendoa du; sare hori, funtsean, enpresa txiki eta ertainek osatzen dute, eta, euren tamainari lotuta dituzten mugen ondorioz, laguntza behar dute berrikuntza-estrategiak planifikatzeko eta ezartzeko. Azkenik, Errioxako gizartea zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko interesak eta gaitasunak garatzen ari da, eta horiek indartu eta sendotu egin behar dira. Eragile horiek guztiek erronka konplexu, askotariko eta ukaezin hauei egin beharko diete aurre: osasun eta ongizateari; uraren, nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien katearen kudeaketa jasangarriari; mugikortasun jasangarri, seguru eta konektatuari; hazkunde ekonomikoari; gaitzaile digitalei zein ingurunearen eta ingurumenaren zaintzari; arlo biosanitarioari; agroindustriari, eta komunikazioaren eta adimen artifizialaren teknologiei, kulturari eta hizkuntzaren industriari, garrantzitsuenetako batzuk aipatzearren.
2. artikulua.— Helburu orokorrak
Lege honen helburuak dira:
2. Errioxako ondare zientifikoa, teknologikoa, historikoa, kulturala eta linguistikoa zaintzea, gehitzea, aberastea eta zabaltzea.