Ondare bibliografikoaren muina eta ardatza Kataluniako Liburutegia da, zeina baita Kataluniako Liburutegi Nazionala, eta haren egitura euskarri desberdinetako material bibliografikoak biltzen dituzten unitateetan datza. Liburutegi Nazionalaren zeregina da Kataluniako ekoizpen bibliografikoa eta hizkuntza-eremu katalanarekin lotutakoa bildu, kontserbatu eta zabaltzea, eta Kataluniako ondare bibliografiko guztia zaindu behar du lurralde osoan. Beraz, harekin harremanak izan behar dituzte ondare-funtsak dituzten zentro guztiek, probintzietako liburutegi publikoak barne, batez ere 1835eko desamortizaziotik datozen funtsen gordailuzain gisa.
[…]
Generalitatek, herrialdeko instituzio gorena den aldetik, bere gain hartzen ditu nazio-izaerako azpiegitura horren kudeaketa-erantzukizunak, eta Mankomunitatearen, Ikaskuntza Katalanen Institutuaren eta Generalitat errepublikanoaren jaraunspena jasotzen du, bereziki Kataluniako Liburutegi, Artxibo, Museo eta Ondare Historiko, Artistiko eta Zientifikoaren Zerbitzuari buruzko 1934ko Legeagatik.
[…]
7. artikulua Definizioa
1. Kataluniako Liburutegia liburutegi nazionala da. Haren zeregina da ekoizpen bibliografiko katalana eta katalanaren hizkuntza-eremuarekin lotutakoa bildu, kontserbatu eta zabaltzea, betiere lan bakoitzaren ekoizpen inprimatua barne, aldizkakoa edo ez, bai eta bisuala eta soinuzkoa ere; lan bakoitzetik gutxienez ale bat jaso behar du, erabilitako euskarria edo teknika edozein dela ere.
2. Kataluniako Liburutegiak ahaleginak egingo ditu ondare bibliografikoa kontserba eta zabal dadin; ondare horretan sartzen dira, 1. apartatuan deskribatutako lanez gain, Katalunian egonik kultura- edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, betiere ondare historiko eta kulturalari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
3. Kataluniako Liburutegia kultura katalanaren lehenengo zentro bibliografikoa da, eta izaera unibertsaleko kontsultarako eta ikerketa zientifikorako zentroa izango da, egin beharreko eskuratzeak eginez.
9. artikulua Eginkizunak
1. Kataluniako Liburutegiak, bere egiturako unitate bakoitzaren bidez, eginkizun hauek egikarituko ditu lurralde osoan:
a) Katalunian argitaratu edo ekoitzitako lan guztiak eta edozein arrazoirengatik hizkuntza-eremu katalanarekin erlazionatutakoak biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea. Helburu hori lortzeko, lege-gordailuaren hartzailea izango da, eta bide horretatik heltzen ez zaizkion bibliografia-lan katalanak, berriz, berak eskuratuko ditu.