[…]
Nazioartean, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioak, 2006ko abenduaren 13an New Yorken sinatuak eta Estatuak Estatuko Aldizkari Ofizialean 2008ko apirilaren 21ean argitaratutako tresna baten bidez berronetsiak, 9. artikuluan arautzen du jendeari irekitako edo erabilera publikoko instalazioen eta zerbitzuen irisgarritasuna, desgaitasuna duten pertsonak modu independentean bizi ahal izan daitezen. Ondore horietarako, konbentzioak agintzen du estatuek neurri egokiak hartu behar dituztela pertsona horiek, gainerakoen baldintza berberetan, ingurune fisikora, garraiora, informaziora eta komunikazioetara, eta jendearentzat irekita dauden edo erabilera publikokoak diren beste zerbitzu eta instalazio batzuetara irispidea izango dutela ziurtatzeko. Konbentzioak, era berean, estatuei eskatzen die neurri egokiak har ditzatela, besteak beste, giza edo animalia bidezko laguntza-motak eta bitartekariak eskaintzeko, gidariak, irakurgailuak eta zeinu-hizkuntzaren interprete profesionalak barne, eraikinetara eta jendaurreko beste instalazio batzuetara sartzea errazteko.
[…]