2. paragrafoa
Frantziako nazionalitatea ezkontzagatik eskuratzea
21-2 artikulua
[…]
Ezkontide atzerritarrak ere erakutsi egin beharko du baduela frantsesaren ezagutza nahikoa, bere kondizioari dagokion mailan eta Estatu Kontseiluak dekretu baten bidez ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera.
21-4 artikulua
Hizkuntzagatik ez baizik eta duintasunik eta asimilaziorik ezagatik, Gobernuak Estatu Kontseiluan aurkezturiko dekretu baten bidez uko egin diezaioke ezkontide atzerritarrari Frantziako nazionalitatea emateari, eta hala adierazi, 26. artikuluaren bigarren apartatuan aurreikusi bezala, hark frogagiria jasotzen duen egunetik hasi eta bi urteko epean, edota, erregistroa bera ukatua izan bada, deklarazioaren arauzkotasuna onartuz epaileak emandako erabakia gauza epaitu bihurtzen den egunetik hasita.
[…]
5. paragrafoa
Frantziako nazionalitatea agintaritza publikoaren erabakiz eskuratzea
21-20 artikulua
Egonaldi-baldintzarik gabe naturalizatu ahal izango dira kultura- eta hizkuntza-erakunde frantses bateko kide diren pertsonak, dela hizkuntza ofiziala edo hizkuntza ofizialetako bat frantsesa duten lurralde edo estatuetako herritarrak, dela ama-hizkuntza frantsesa dutenak, dela frantsesez irakasten den ikastegi batean gutxienez bost urte eskolaturik egon direla frogatu dezaketenak.
21-24 artikulua
Inor ere ezin ahal izango da naturalizatu, baldin eta frantses erkidegoan bertakoturik dagoela frogatzen ez badu, batez ere erakutsiz baduela, bere kondizioari dagokion mailan eta Estatu Kontseiluak dekretu baten bidez ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera, Frantziako hizkuntzaren, historiaren, kulturaren eta gizartearen gaineko ezagutza nahikoa, eta badakiela, orobat, Frantziako nazionalitatearen jabe izateak zer-nolako eskubide eta eginbeharrak dakarzkion, eta baldin eta Errepublikaren oinarrizko printzipio eta balioekin bat egiten ez badu.
[…]
21-24-1 artikulua
Frantsesa jakitearen baldintza ez da aplikagarria izango aterpetu politikoentzat eta aberrigabeentzat, baldin eta gutxienez hamabost urte eginak badituzte modu erregular eta ohikoan Frantzian bizitzen eta hirurogeita hamar urte baino gehiago badituzte.
972. artikulua
[…]
Baldin eta testamentugilea ez bada frantsesez hitz egiteko gai, interprete batek diktatu eta irakurri ahal izango du haren testamentua; interpretea aukeratzeko, testamentugileak eskura izango ditu Kasazio Auzitegiaren peritu judizialen zerrenda nazionala eta apelazio-auzitegi bakoitzeko peritu judizialen zerrenda. Adierazpen guztiak zehatz-mehatz itzultzeaz arduratu beharko du interpreteak. Notarioak ez du interprete batengana jo beharrik izango, baldin eta bera edo, kasuaren arabera, beste notarioren bat edo lekukoak gai badira testamentugileak hitz egiten duen hizkuntza ulertzeko.
Baldin eta testamentugilea gai bada frantsesez idazteko, nahiz eta hizkuntza horretan mintzatzeko gauza izan ez, testamentua notarioak berak idatzi edo idatzaraziko du, eskuz nahiz mekanikoki, testamentugileak haren aurrean idatzitako oharretatik abiatuta, eta, horren ondoren, idatzitakoa testamentugilearen aurrean irakurriko du. Baldin eta testamentugilea ez bada notarioaren esanak aditzeko gai, testamentua irakurtzera emango zaio, haren berri jakin dezan, notarioak hura irakurri ondoren.
[…]
980. artikulua
Testamentuetan parte hartzera deitzen dituzten lekukoek frantsesa ulertu, adinez nagusi izan, sinatzen jakin eta eskubide zibil guztien jabe izan beharko dute. Sexu batekoak zein bestekoak izan daitezke, baina senarrak eta emazteak ez dute ekitaldi berean lekuko gisa parte hartzerik izango.
1. atala
Kontratua burutzea
4. azpiatala
Bide elektronikoak erabiliz burututako kontratuen berariazko xedapenak
1127-1 artikulua
Bide elektronikoak erabiliz ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituen profesionalak haiek iraungarri eta erreproduzigarri izateko moduan aplikagarriak diren kontratu-estipulazioak erabili beharko ditu.
Eskaintza baten egilea eskaintzak berak beharturik geratzen da, haren ardurapean eskaintzen den hori bide elektronikoetatik eskuratu daitekeen bitartean.
Eskaintzan, gainera, honako hauek adierazi beharko dira:
[…]
3. Kontratua burutzeko proposatzen diren hizkuntzak, tartean baita frantsesa ere.
[…]