13.3.5a Gu da lehenbiziko pertsona pluraleko izenordaina. Pertsona bati baino gehiagori egiten dio erreferentzia, baina pertsona horien artean hiztuna bera ere sartzen da, hau da ni + beste zenbait pertsona da gu hori. Beste pertsona horiek agerian egon daitezke edo ez: batzuetan elkarrizketatik kanpoan direnak ordezkatzen ditu. Hiztunei egiten die erreferentzia, baina beste batzuetan hiztunari gehi entzuten dutenei ere.
Ergatiboan guk egiten du, baina Lazarragak guek erabiltzen du (absolutiboan eta ergatiboan) gu eta guk aldaerekin txandakatuz. San Millango glosetan ere guek ageri da ergatiboan. Genitiboan “etxekoak” izendatzeko erabili izan da tradizioan: gurekoak (‘gure etxekoak’). Esanahia dela eta, batzuetan badu jeneralizazio kutsu handiagoa: Krisia gu ari gara ordaintzen; Gu hemen hobeki bizi gara; Zer eginen dugu errepidean poliziak geldiarazten bagaitu?; Hondartzan joan-etorrika ibiltzen garelarik… Holakoetan gu hori gazteak, kontinente batean bizi direnak eta abar izan daiteke.
13.3.5b Batzuetan gure buruarekin (sing.) ari garela erabiltzen ahal dugu gu (pl.) ere: Lasai, Patxi, baretu gaitezen behingoan!; Berriz ere sartu dugu hanka eta abar. Egiletasunaren plural gisa ere erabiltzen dugu zenbaitetan: Lan honetan adierazi nahi dugu… (nahiz lana batek bakarrik sinatu); Liburua amaitzea asko kostatu zitzaigun; Ez dugu beldurrik onartzeko… Plural mota hau “apaltasunezko plurala” deitu izan dute batzuek. “Plural soziatiboa” izenekoan nori zuzentzen diozun mezua, hura ere sartzen duzu plural horretan, jendetasuna adieraziz: Zer moduz gaude gaur?; Zer, gaur ere ezin dugu lo egin?; Eta, nola goaz ingelesarekin?… Horren aldaera batean testu irakurlea ere sartzen dugu plural horretan: Aurreko pasartean ikusi dugun bezala…; Halako orrialdean azpimarratu dugunez…