38. artikulua
Aldatu egiten da Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta lagatako gainerako tributuen tarte autonomikoa arautzen duen Valentziako Generalitaten abenduaren 23ko 13/1997 Legearen 4.Bat artikuluaren r) letra, eta honelaxe geratuko da idatzita:
«r) Valentziera sustatzera bideratutako dohaintzengatik: % 20 lehenengo 150 euroetarako, eta % 25 zergaldian zehar honako erakunde hauen alde egindako diru-zenbatekoen dohaintzen gainerako zenbatekorako:
»1) Generalitat, organismo publikoak eta Generalitaten sektore publiko instrumentala.
»2) Valentziako Erkidegoko toki-erakundeak, haien mendeko organismo publikoak, fundazioak eta partzuergoak.
»3) Valentziako Erkidegoan ezarrita dauden unibertsitate publiko eta pribatuak.
»4) Valentziako Erkidegoko ikerketa-institutu eta -zentroak, edo egoitza bertan dutenak.
»5) Valentziako Erkidegoko arte-irakaskuntzen goi-mailako zentroak.
»6) Valentziako Erkidegoko kultura-, zientzia- eta kirol ez-profesionalaren-mezenasgoari buruzko uztailaren 25eko 20/2018 Legearen 3. artikuluko 1. apartatuaren a) letran zerrendatutako irabazi-asmorik gabeko erakundeak, baldin eta valentziera sustatzea badute helburu bakar.
»7) Aipatutako 3. artikuluko 2. apartatuan objektiboki konparagarriak direnak eta valentziera sustatzea helburu bakar dutenak.
»Ondorio horietarako, dohaintza-emailea Generalitat edo Generalitateko erakunde publikoetako bat denean, ekitaldi bakoitzean jasotako zenbatekoa, gutxieneko kreditu gisa, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako gastu-programei lotuta geratuko da, baldin eta gastu-programa horien xedea bada valentziera sustatzea».
Azken xedapenetako bigarrena.— Kontseiluari baimena ematea Valentziako Erkidegoko Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Paisaiari buruzko uztailaren 25eko 5/2014 Legearen testu bategina onesteko
Baimena ematen zaio Kontseiluari, 2021eko ekainaren 30a arte, Valentziako Erkidegoko Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Paisaiari buruzko uztailaren 25eko 5/2014 Legea indarrean jarri zenetik txertatutako aldaketak testu bakar batean behar bezala erregularizatuta, argituta, harmonizatuta eta hizkuntza inklusiboaren arauen arabera kontsolidatzeko eta integratzeko. Legegintzako eskuordetze-ahalmena uztailaren 25eko 5/2014 Legera heltzen da, bai eta Kontseiluak testu bategina onetsi arte lege hori aldatzen duten lege-mailako xedapenetara ere.