NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ERRUSIAKO HAURRAK

Josu Chueca (Lerin, Nafarroa Garaia, 1956)
Luis Fernandez (Eibar, Gipuzkoa, 1966)

Testu-mota: Artikulua

Garaia: XX. mendea (1936-1939)

Atala: Historia

1. Ebakuazioen mapa. Xehetasun gehiago, hemen (gaztelaniaz).


1936-37ko gerrako iheslari eta errefuxiatuen artean izan zen kategoria berezi bat, konpromiso politikoarekin zerikusirik ez zuen jende multzo handi bat: haurrak. Gerrak Euskal Herrian iraun zuen bitartean, batez ere Bilbotik, 1937ko maiatzean eta ekainean, milaka haur erbesteratu ziren. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako gerrako haurren elkarteak 30 000 ume ebakuatu zituztela kalkulatzen du. 4000 Ingalaterrara, 3000 Belgikara eta Frantziara 10 000 baino gehiago. Danimarkara ere joan ziren batzuk. Garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artxibategi ofizialetako datuak askoz txikiagoak dira, 15 000 ume honela banaturik: Frantzia (5305), Erresuma Batua (3282), Belgika (3128) eta Sobietar Batasuna (1489), besteak beste. […]

2. Umearen jomuga adierazten duen txartela.
3. Ontziratzeko zain. Ezkerretara zutik dagoen haurrak jomuga adierazten duen hexagonoa darama.
4. Maria Luisa Arteche izeneko umearen jomuga adierazten duen fitxa.

Sobietar Batasunera joan zirenek besteek baino esperientzia latzagoa bizi izan zuten. Hogei urte iraun zuen ume haien erbesteratzeak. Alberto Lizarralde eta Jose Okamika 10 eta 11 urte zeuzkatela ebakuatu zituzten Sobietar Batasunera. Bien familiak babestuta zeuden Bilbon, eibartar asko bezala, industria Deustura trasladatu zelako Eibartik. 1937ko ekainaren 13an irten ziren biak etxetik eta igo ziren Habana ontzira. 4000 ume joan ziren bidaia horretan, erdiak Frantziara, beste erdiak Errusiaraino, Frantzian Sontay ontzira aldatuta.

"Bakoitzak nahi zuen tokirako eman zezakeen izena, baina Ingalaterra eta Frantzia lehenago bete ziren, eta Errusia geratzen zen", dio Lizarraldek. "Gerra amaitu arte joango ginelako ideiarekin irten genuen arratsalde hartan etxetik", berriz Okamikak. Baina 20 urte egin zituen mutil hark kanpoan, eta ez zituen bere gurasoak berriro bizirik ikusi. Lizarraldek ama besarkatu zuen berriro, baina aita hila zuen bueltatu zenerako.

2100 lagun joan ziren ontzi hartan Sobietar Batasunera, gehienak euskal herritarrak. Lizarraldek eta Okamikak Eibarkoen kontua ondo daramate: 57 joan ziren. Bost eta 14 urte bitarteko neska-mutilak. "Bidaia gogorra izan zen, baina eskurtsio bat bezala ere bai. Gure gurasoek jakin izan balute 20 urterako gindoazela, ez ziguten joaten utziko", dio Lizarraldek.

Le Havreko kaian ontziz aldatu ziren, eta Sontay kargaontziaren sotoetan joan ziren Leningraderaino. Handik Moskura eraman zituzten eta gutunak idatzi zituzten etxera argazki banarekin, esanez ondo zeudela. "Haiek iritsi ziren, baina gutunekin oso gaizki ibili ginen. Nik bidaltzen nituen Errusian kontaktuak zituen frantses baten bidez; halaxe idazten genion elkarri amak eta biok", gogoratzen du Alberto Lizarraldek.

5. Sontay kargaontzia.
6. Umeak Leningradera iristen 1937ko ekainaren 23an.

Taldeka banatu zituzten umeak. Odessa hirira bidali zuten Okamika, Ukrainara. Lizarralde Pravda izeneko herri batera. Instrukzioa jaso zuten hezitzaile talde bereziekin, beti gaztelaniaz, Espainiako haurrekin batera. Ume euskaldun gehienek euskara galdu zuten han zeudela, baina Lizarraldek behintzat berriz ikasteko aukera izan zuen gero, Eibarrera itzuli ondoren. Gerrak irauten zuen bitartean, laster itzuliko zirelako ustearekin segitzen zuten. "Gogoratzen naiz Odessan parke batean Espainiako mapa handi bat jarrita egoten zela, fronteen marrekin eta banderatxoekin. Halaxe segitzen zuten han gerraren bilakaera", dio Okamikak.

7. Pravdako etxeko hiru neskatila.
8. Obniskoe etxea, Kalugan, Errusiako mendebaldean.

Baina Espainiako Gerra amaitu zen 1939an, frankistek irabazi zuten, eta erregimen harekin Sobietar Batasunak inolako traturik izatea ezinezkoa zen. Koskortzen ari ziren ume haiek han segitu zuten. Bigarren Mundu Gerra iritsi zen gero, 1941ean Hitlerrek Sobietar Batasuna inbaditu zuenean, eta harekin kalamitate handiak hasi ziren guztientzat. Haurrak ebakuatu egin zituzten berriro. Okamika Saratoven eta Tbilisin egon zen, Errusian eta Georgian. Lizarralde, Saratoven eta Volgako Alemanek okupatzen zuten eskualdean. [Ebakuazioak. Ibilbide guztiak (gaztelaniaz)].

Sobietar Batasunera joandakoen artean nagusienek gerran parte hartu zuten, ordurako 19 urte ere bazeuzkaten eta. Armada Gorrian sartu ziren guztiak boluntario joan ziren. Eibartarretatik, dozena erdi bat ere hil zen fronteetan, nazien kontrako guduan. Beste batzuek karrera egin zuten Armadan. Isaias Albistegi eibartarra abiadore egin zen, eta gerra ekintzengatik dominarik garaiena lortu zuen: Sobietar Batasuneko heroi izendatu zuten. Albistegi Eibarren bizi da orain eta berak kontatzen duenez Stalinen eskutik jaso zuen ohore haren oroigarria.

9. Martin Peña, 18 urte, Armada Gorriko boluntarioa (Basauri, 1923 - Karelia, 1941).
Kareliako frontean galdu zuen bizia.
10. Martín Peñaren fitxa.
Goian, ezkerretara, “Huérfano de miliciano”.

"Gerra gogorra izan zen, guztientzat. Errusiarrek asko sufritu zuten, baina guk ere bai, salduta geunden herrialde hartan", diote gure lekukoek. Gerra garaian ofizioak ikasten ere hasi ziren, 14-16 urterekin, eta gerrako industriaren produkzioan jardun zuten lanean Lizarraldek eta Okamikak, gehienek bezala.

Bigarren Mundu Gerra 1945ean amaitu zen, eta Euskal Herrira itzultzeko esperantzak piztu ziren. Stalinek zapuztu zuen hura. Stalinek deklaratu zuen haurrak Errepublikatik hartu zituela eta Errepublikari itzuliko zizkiola, Franco hil ondoren. Alabaina, Franco baino lehen hil zen Stalin, eta 1956an, Nikita Khrustxov zela agintari, Nazioarteko Gurutze Gorriaren bitartez eginiko artekaritzari esker itzuli ziren umeak.

Gerra amaitu ondoren eta itzuli arte, bakoitzak bere bizibidea egin zuen, herritar sobietar arruntek bezala. Alberto Lizarralde mugetan atzerriko irrati-transmisioak zapuzteko jartzen ziren aparatuak egiten aritu zen Moskun. Jose Okamika, kamioizale bezala Ukrainan. Biak ezkondu ziren han eta hantxe hasi zuten familia: Lizarralde Santanderko beste ume batekin, Okamika ukrainar batekin.

"Errusiarrak ondoegi portatu ziren gurekin", diote biek. "Ez zitzaigun ezer falta izan". Esker onaren eta Sobietar Batasunarekiko miresmenaren arteko sentipen bat geratzen zaie biei: ezin esan komunista sentitzen direnik edo izan direnik, baina Sobietar Batasuna gauza handia da gerrako ume haien bizitzan.

11. Hermitage Museoan (Leningrad, Sobietar Batasuna) “Espainia iraultzailea”ri buruz egindako kartel-erakusketaren posterra.
Habanako ebakuazioaren berri ematen duen prentsa-ebakina.

Errusiako haurrei buruzko informazio gehiago: https://www.ninosderusia.org/ (Gaztelaniaz)

CHUECA, Josu, FERNANDEZ, Luis (1997). Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian. Andoain: Euskaldunon Egunkaria. (211 eta 213-216).

IKUS HAU ERE

Hárek umiak – Aquellos niños. Ahotsak Ahozko Ondarea.

Muestra sobre los niños evacuados durante la Guerra Civil. Centro Documental de la Memoria Histórica

Mamen del Cerro, “Los niños de Rusia. Historia del desarraigo”, Documentos RNE | 20/07/13. (Gaztelaniaz)

Javi West Larrañaga, “Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela”, Berria, 2023ko martxoak 19.

Irudiak

1, 2 eta 3: Asociación de los Niños de Rusia.

4. Luistxo via Wikimedia Commons. . Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

5, 6, 7, 8, 9 eta 10: Asociación de los Niños de Rusia.

11. , via Wikimedia Commons.

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper