Euskaltzaindiak, egun, urriak 26, egin duen osoko bilkuran, Nafarroako Foru Komunitateko FM irratibidearen zazpi baimen eman berri direla jakin du. Haietatik batek ere ez du euskarazko programazioa arrunt eta egokirik.
Gertakari honen aurrean, errege akademia honek, zeinaren sortzeko xedeen artean «hizkuntzaren eskubideak zaintzea» da eta, gainera, Foru Administrazioaren legezko aholkulari ofiziala da, kemenez eta azkarki adierazi nahi du bere protesta eta desadostasuna. Onartezina da komunitate honen hizkuntzetariko bata berriz ere baztertu izana, euskararen eta nafar hiritarren, euskaldunen zein erdaldunen, eskubidea zapalduz.
Are larriagoa da hau, ezen hemendik aitzina arituko diratekeen hogei baimendun irratietarik bat ere ezin da euskalduntzat jo eta, bestalde, horrelakorik ez da ofizialki elebidun diren erkidegoetan gertatzen.
Irrati-baimen hauen egozte-irizpideetan espresuki aipatzen zen euskara kontuan hartuko zela. Harrigarria da lehiaketa publiko batean horren justizia urriz erabakitzea.
Anitzetan erraten bada ere euskara gizarte osoaren ondarea dela, berriro ere ikusten ditugu hitz horiek egitez eta obrez gezurtatuak.
Bidegabekeria hau Foru Administrazioak berehala zuzenduko duela espero du Euskaltzaindiak, euskarari leku bat, ez bigarren mailakoa ez lotsakorra, erkidego honetako irratigintzan aitortuz.
Iruñean, 1990eko urriaren 26an.
Euskera, XXXVI, 1991, 1, 73.