Euskaltzaindiak jakin du Nafarroako Euskararen Foru Legea parlamentuak aldatzeko egin dituen bilkuren berri. Hauek legea zegoenean utzirik bukatu dira. Akademiak, lege horrek aholku-emaile ofizialtzat aitortuak, eta zeinaren helburuen artean, 1976ko Errege Dekretuaren bitartez, euskararen zaintze eta jagotea duenak, honako hau nahi du jendaurrean adierazi:
1. Euskaltzaindiak zinez deitoratzen du irakaskuntzan, administrazioan eta komunikabideetan euskarari egozten zaion eremu meharra zabaltzeko aukera onak huts egin izana, 1982ko Foru Hobetzearen Legearen 9. artikuluak xedatzen duenetik harat. Puntu honi datxekola, oroitarazi behar da testu hori onartzeari buruz parlamentuan erabiltzen ari zenean Euskaltzaindiak ados ez zegoela adierazi zuela, 1982ko uztailaren 17ko agerpenaren bitartez.
2. Berriro ere erraten du Euskaltzaindiak euskara alderdikeria guztietatik kanpo eduki behar dela, nafar ororen ondarea denez, iritzi eta ideologia guztien gainetik, eta, denbora berean, gogorarazten du euskarak diskriminaziozko tratamendua jasaten duela oraindik Nafarroako gizartearen hainbat alorretan. Besteak beste, FMko irratiak banatzean egindako bidegabekeria larria ez da konpondu.
3. Euskaltzaindia ezin daiteke inola ere isilik geldi zenbait politikarik eta bestelako gizabanakok euskararen gainean, Nafarroako euskalkiez, hizkuntzaren lehengo eta oraingo hedaduraz, literatura-euskara arautuaz eta abarrez esan eta idatzi dutenaren aurrean. Egia ez diren gauzak izan dira guztiz, eta, gainera, Espainiako Konstituzioak, bere 3. artikuluan, 3 paragrafoan, gaztelaniaz landako beste hizkuntzen «errespetu eta babes berezia»z dioena erdeinuz era ezjakintasunaz erabili dute halakoek.
Iruñean, 1994ko uztailaren 4an.
Euskera, XL, 1995, 1, 557.