Konparazio-partikula hau Bizk. markarekin ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian. Lez aldaera ere ageri da hiztegian, baina legez da aukera nagusia. Baina forma indargarriz ematen denean, legetxe (= bezalaxe) da aukera bakarra (letxe). Ahoskerari dagokionez [87. araua, «Euskara batuaren ahoskera zaindua»], ahoskera zainduan hots guztiak ahoskatu behar direla dioenez arauak, [legez] aldaerak du lehentasuna, ez [lez]-ek.
a) Gura duzun legez ala gura legez? Behar den legez ala behar legez? Aditz modalekin, laguntzaile eta guzti erabiltzen da nagusiki, eta hala egitea komeni da; testuetan «oso lekukotasun gutxi agertzen dira» laguntzailerik gabekoenak. Beraz: gura duzun legez / behar den legez egokiagoak dira gura legez eta behar legez baino.
b) Atzo legez / atzoko legez, beti legez / betiko legez? Letra lodian daudenak dira hobestekoak. Itxura denez, atzoko moduan, betiko moduan eta gisakoek eragiten dute zalantza, baina aldea garbia da. Atzo eta beti denborazko adberbioak dira, eta egitura honi jarraitzen diote: <denborazko adberbioa + -ko>. Legez, ordea, ez da denborazkoa, eta, ondorioz, ez dagokio -ko
hartzea. ?atzoko legez, ?betiko legez eta antzekoek ez dute inolako tradiziorik.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (358, 365-366). — “Modua adieraztea: beti legez / ?betiko legez, atzo legez / ?atzoko legez”, Jagonet galde-erantzunak. — “Ortografia: ezta? ala ez da?”, Jagonet galde-erantzunak. — “Berdintasuna adieraztea: -n legez (gura duzun legez, behar den legez)”, Jagonet galde-erantzunak.Gehiago jakiteko