Printzipioz, izen-sintagmak mugatuak izaten dira euskaraz, baina kasu hauetan mugagabea erabiltzen da:
- izen bereziekin, izenordainekin eta erakusleekin, beti. Adibidez: Bilbon, elkarri, horri.
- partitiboan (-ik) eta prolatiboan (NORTZAT kasua) , beti. Adibidez: Ez dago zuhaitzik. Tontotzat hartu naute.
- izen-sintagmak galdetzaileren bat daramanean: zer, zein, zenbat... Adibidez: Zer gauza ekarri dizkidazu? Zein liburu nahi duzu?...
- zenbatzaileren batekin doanean, bai zehaztua denean hura, bai zehaztugabea denean. Adibidez: Hiru urte bete ditu. Neke askoren ordainetan. Bada salbuespenik, hala ere. Urte askoan ezkutuan egona da eta gisako esaldietan gertatzen da hori; iraupena adierazten dutenetan, alegia.
- aditz-lokuzioetako balio izan, musu eman...; morroi ibili, ura ardo bihurtu...
izenetan eta atribuzio-perpausetan . Adibidez:- ZEREZ/ZERTAN kasu instrumentalean (-z), hura inespezifiko edo mugatu gabea denean: harriz jo, eskuz landu, oinez ibili, euskaraz egin... (Izan ere, espezifiko edo zehaztua ere posible da: Harrobitik ateratako harriaz egin. Keinua egin zion eskuaz. Oinaz haztamuka ibili). Badira aditzak gehienetan kasu instrumentala eskatzen dutenak: baliatu, bete, egin, estali, hornitu, jardun, josi, osatu...
- leku-denborak adierazteko (NON, NONDIK, NORA... kasuak) zenbait esamolde berezitan: eguzkitan, gaztetatik, uretara...
Badira, bestalde, Heg./Ipar. isoglosak banatzen dituen ohiturak ere, denak onargarriak; esate baterako: suan/su(r)tan erre , mezan/mezetan/mezatan izan...
Gogora ekar ditzagun, azkenik, hiztunek sarri samar egiten dituzten akatsak. Esate baterako, a itsatsia duten hitzekin egiten dena
. Baina akatsik eta zalantzarik ugarienak kasu instrumentaleko eta leku-denborazko kalkoekin gertatzen dira. Horiei buruz Euskaltzaindiak berariazko araurik eman ez duen arren, egungo gramatika eta estilo-liburuetan hautu nahiko adostua dago praktikan prosa estandar zainduan:
ZEREZ/ZERTAZ KASUAN EGITEN DEN PLURAL MUGATUAREN ABUSUA
Forma mugagabea hartzeko aukera eta joera du -z kasu-atzizkiak.
*harri txikiez inguratua (> txikiz)
*Hanka-arrasto berriez (> berriz) beterik dago bide guztia.
*Espainolezko hitzak euskal ukituez (> ukituz) makillatuta plazaratu dira.
*Jogurt-potoez (> potoekin/potoz) eginiko telefono bat da marrazkian ageri dena.
*Partikulez (> partikulaz) osatuta dago materia.
*Artistez (> artistaz) beteta dago Elgoibar.
*Poemez (> poemaz) bete ditu liburuko orriak.
*Irenek gonez (> gonaz) eta jertseez (> jertsez) osatutako 34 janzki saldu ditu gaur.
Inoiz singularrean ere ematen da, oker, mugagabeari dagokiona: *gogo handiaz > gogo handiz. Hor, itxura denez, bizkaierazko -a(ga)z kasu-markaren eragina dago.
INESIBOAREN MODU-ADIERA (NOLA) ETA LEKU-ADIERA (NON(GO)) EZ BEREIZTEA
Inesiboa (-n kasua) oso emankorra da. Mugagabean eratzen diren esamolde berezi frankoren oinarrian dago:
• Jarduera adierazten dutenetan (ZERTAN): ametsetan, lotan, txoritan, neskatan, belarretan, antxoatan, txipiroitan...; hizketan, berriketan, kartaketan (> kartetan), jostaketan (> jostetan), igeriketan, perretxikotan... Singularrekoak ere badira: jolasean, goldean, marmarrean...
• Modua adierazten dutenetan (NOLA): gezurretan, kaltetan, izerditan, txantxetan, benetan, brometan, zinetan, berbetan... Singularrean: onean, patxadan, ziztuan...
• Denbora adierazten dutenetan (NOIZ): umetan, txikitan, gaztetan, sarritan... Singularrean: gaztaroan, zahartzaroan...
Molde horretako mugagabetasuna leku-denborazko beste kasuetara ere hedatzen da, jakina: lotan > lotara, lotatik, lotarako; neskatan > neskatara...; perretxikotan > perretxikotara...
Seinalatzekoa da a itsatsia duten hitz gehienak (eta asko dira) plural-forman ageri direla: berbetan, kopletan, txantxetan, umekerietan, kezketan, penetan, ikaretan, hanka(-)puntetan, kartetan, armetan, (azken) arnasetan...
1. Mugagabea ala plurala dagokie hauei eta gisakoei: loreak sortatan/sortetan bildu, letra handitan/handietan idatzi...?
Horrelakoetan, NON kasuaren oinarrizko zentzuari (hots, leku-adierari) baino gehiago NOLA abstraktuagoari (modu-adierari) erantzuten zaionez, egokiagoa da mugagabea:
Loreak sortatan batu ohi dira.
Letra handitan ageri da hori.
Taldetan banatuko gara hori egiteko.
Zortzikotan eman zuen pasadizoa, zortziko nagusitan.
Eta zortzina bonboiko kutxatan banatu behar ditu.
Testuinguru askotan, sinonimo gerta daitezke: Ez zaio axola istiluetan/istilutan sartzea. Beste zenbaitetan, ordea, aldea argia da: Bertsotan eman zuen horren berri (NOLA) ≠ Azken bertsoetan eman zuen horren berri (NON).
2. Honako hauek okerrak dira NON (NOIZ) edo NONGO (NOIZKO) esan nahi baita horietan, ez NOLA:
*Salgai liburu-dendatan (> liburu-dendetan).
*Igande arratsaldetan Donostiara joaten gara (> arratsaldeetan).
*Bototan Urliak galdu du (> botoetan).
*Sanpedrotan Zumaiara eta andremaritan Azkoitira (> sanpedroetan, andremarietan).
*Begitako/belarritako/tripatako mina (> begietako/belarrietako/trip(et)ako mina) [«belarritako (batzuk) erosi» zuzena da, jakina].
3. Zuzenak dira unitate-adierazpen soilak direnean (zenbatzailerik gabe ageri direnean, alegia), ZERTAN/NOLA, ZERTATIK, ZERTARA kasuetan: ehunekotan ordaindu, emaitza metrotan adierazi, dirua eurotatik errublotara pasatu...
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (78-82, 243 eta hur.).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (80-82, 469 eta hur.).
— “Aditzaren jokabidea: galdu (botoetan galdu / bototan galdu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lekua adieraztea: zein + -tik (zein udalerritatik / * zein udalerritik)”, Jagonet galde-erantzunak.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (43-50).
EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "Zenbatzailerik gabeko mugagabea: mugagabea [-(e)z", Ehulkuren aholku guztiak.