Erdaren —es: ‘para’/ fr: ‘pour’— preposizioak eragiten du nonbait zalantza: Zein da aukera egokia, bizikletentzako bidea (ZERENTZAKO) ala bizikletetarako bidea (NORAKO)?
Bizikletentzako bidea da aukera egokia, ZERENTZAT kasu destinatiboaren moldea baino ez baita hor sakoneko egituran dagoena (ZERENTZAT kasua + -ko = ZERENTZAKO); (Kasu destinatiboak NORENTZAT, ZEINENTZAT eta ZERENTZAT moldeak ditu, absolutiboak, konparazio baterako, NOR, ZEIN eta ZER dituen bezala). Bestea (bizikletetarako bidea) bitxia egiten da.
• NORAKO (NORA adlatiboa + -ko) honelakoetan da egokia: etxerako (moduko) laguna, eskolarako bidea, biderako zorroa, itsasorako asmoa...
• ZERENTZAKO (ZERENTZAT + -ko) da egokia hauetan: bizikletentzako bidea, motorrentzako zirkuitua, betaurrekoentzako zorroa, kultur(a-) sektorearentzako espazioa, artearentzako espazioa, ibilgailu motordunentzako errepidea, lasterketa-autoentzako pista...
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (489).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia, (eranskina) (139, 191).
— “Helburua adieraztea: -rako/-rentzako (bizikletarako/bizikletarentzako)”, Jagonet galde-erantzunak.