Nor, zer, zein galdetzaileak gehienetan ez dira ez singular ez plural, mugagabeak baizik. Baina, batez ere bizkaieraz, aurkakotasun gramatikala egiten da, eta orduan, nor, zein eta zer singularrean galdetzeko erabiltzen dira eta nortzuk, zeintzuk eta zertzuk, pluralean. Zertzuk gauza? Oraindino zertzuk ikusteko ote gaude! Xehetasun hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere gogorarazten du nortzuk sarreran: “Batez ere Bizk.”. [EH]
Zernahi dela ere, nor, zer eta zein galdetzaile mugagabeak lehenetsi dira euskara baturako. Beraz, bi moldeak ondo egonik ere, -tzuk gabekoak hobetsi dira estandarrerako: Zer esan zizkioten gizajoari! Nori ekarri diezu liburua?
Zehaztu beharrekoa da, dena den, pluraleko formak erabiliz gero, honako paradigma hauek erabili behar direla: nortzuk, zeintzuk, zertzuk (NOR kasua); nortzuek, zeintzuek, zertzuek (NORK); nortzuei, zeintzuei, zertzuei (NORI)...; *nortzuRi, *nortzuRentzat, eta abar ez dira zuzenak. [11. araua]
EUSKALTZAINDIA. ““Nor/zer” adieraztea: nor, zer, zein / nortzuk, zertzuk, zeintzuk”, Jagonet galde-erantzunak.