Sinonimoak dira lehenengo bi adiera hauetan:
• Adizlagun-balioan, ‘une hartarako’ adieran (Iparraldean, ordukotz du ordaina): Ordu(ra)ko nahiko lo egina nengoen. Mariaren gurasoak, nonbait, ordu(ra)ko hilak ziren.
• Adizlagun-balioan, ‘aipatzen den unea baino lehen edo une hartan bertan’ adieran: Hara bildu ordu(ra)ko, hil hurran zen jenerala.
Baina ordukok baditu ordurakok ez dituen beste adiera batzuk ere:
• Izenlagun-balioan, ‘une edo garai hartakoa’ adiera: Orduko eta gaurko idazleak.
• Adizlagun-balioan (aditzaren era burutuaren eskuinean), ‘bezain laster’ adiera: Ohean sartu orduko, loak hartzen nau.
• Adizlagun-balioan (lastertasuna adierazteko), ‘orduan, ordu bakoitzean’ adiera: Ehun kilometro orduko egin. [EH]
EUSKALTZAINDIA. “Denbora adieraztea: orduko, ordurako (orduko/ordurako hila zen)”, Jagonet galde-erantzunak.