Euskaltzaindiak ez du eman arau berariazkorik. Gramatiketan, estandarrerako, gomendio hauek proposatzen dira atributuko aditz-partizipioari buruz:
- EGON eta EDUKI aditzekin -ta/-ik atzizkiak hartuz edo -a(k) artikulua hartuz jokatzea: nekatuta/nekaturik/nekatua(k) nago/gaude; ikusita/ikusirik/ikusia(k) dau(z)kat; itxita/itxirik/itxia dago... *Nekatutak gaude. *Ikusitak dauzkat eta gisako formak okerrak dira (> Nekatuta gaude. Ikusita dauzkat). Adberbioak direnez, ez dira aldatzen, ez dira ez singular ez plural.
- IZAN (eta ukan) aditzarekin, berriz, -a(k) artikulua hartuz jokatzea. Bi xehetasun:
• Ez dute -ta aukera baliatu ohi: nekatua naiz, ikusia(k) d(it)ut, ikusia naiz/ikusiak gara... *Film hori ikusita dut. *Salduta ditu liburu guztiak. *Nekatuta naiz dagoeneko (> Nekatua naiz (+ nekatuta/-ik/-a nago). Film hori ikusia dut (+ ikusita/-ik/-a daukat). Salduak ditu liburu guztiak (+ salduta/-ik/-ak dauzka). Nekatua naiz dagoeneko (+ nekatuta/-ik/-a nago).
• Euskalki gehienetan, -ik aukera ere ez da baliatu izan ohi. ?Nekaturik naiz. ?Film hori ikusirik dut. Baina erabiltzen da zubereraz (eta egungo idazle askok ere bai): nekaturik naiz, eginik dut... Batzuk biluzirik ziren. Eriturik zen hura, eta ni ere hala nengoen arimaz.
Hori horrela, dendetan-eta sarrerako atean zintzilikatzen diren afixa edo karteletan, esate baterako, itxia/itxita, bi moldeak dira zuzenak, nahiz ohikoena itxita jartzea den; izan ere, testuinguru horretan, itxita (NOLA) adierazkorragoa da itxia (NOLAKOA) baino. Hertsirik ere egokia da noski.
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (313-321).
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (165, 335).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (123).
— “Aditzaren jokabidea: partizipioa (ikusia dut, ikusia naiz, ikusiak gara)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Modua adieraztea: -a/-ta/-rik (irekia dago, irekita dago; nekatua naiz, nekatuta nago; ikusita daukat)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Modua adieraztea: -a/-ta/-rik (itxia/itxita/itxirik, zabalik)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Modua adieraztea: -ta/-a/-rik (bustita dago / bustia dago / bustirik dago)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (209-210).
EHUko Euskara Zerbitzua (2007). "Partizipioa + -ta, -ik, -a/-ak", Ehulkuren aholku guztiak.