Euskaltzaindiak arautu gabeko kontua da. Estilo-liburuen iritzia jasotzen da hemen.
Telefono-zenbakiek ez dute kopururik adierazten, baizik eta etiketa edo kode modura jokatzen duten zenbakiak dira. Punturik eta hutsunerik gabe idazten dira (nahiz praktikan tarteak edo hutsuneak uzten ditugun), eta ahoz ematean, digituak banan-banan ematea da gauzarik praktikoena, ulermenaren eta argitasunaren izenean (izan ere, euskararen zenbatzeko sistema hogeikakoa delarik, hogeita entzutean, osorik entzun arte, ez dakigu 2 —hogei— ala 3 —hogeita hamar— ote den hor datorren zenbakia, eta nahasmena sortzen du sarri). Honela ematea edota irakurtzea komeni da: 946012222 > bederatzi, lau, sei, zero, bat, bi, bi, bi, bi.
Berdintsu gertatzen da kopurua adierazten ez duten beste zenbait zenbaki-motarekin ere, hala nola nortasun-agirikoarekin, posta-kodekoarekin edota bestelakoekin. Horietan ere digituak banan-banan ematea edo irakurtzea da praktikoena.
3348 bulegoa > hiru, hiru, lau, zortzi, bulegoa
NA: 72554829F > zazpi, bi, bost, bost, lau, zortzi, bi, bederatzi, efe
Posta-kodea: 48990 > lau, zortzi, bederatzi, bederatzi, zero
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (130).
ETXEBARRIA, Jose Ramon (2011). Zientzia eta Teknikako Euskara Arautzeko Gomendioak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (44).
SALABURU, Pello, KINTANA, Xabier (1984). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (97).