Bi moldeak gaztelaniaren kalkoak dira. Ez daude jasota Euskaltzaindiaren Hiztegian, nahiz asko erabiltzen diren lagunarteko erregistroan. Nolanahi ere, ez dira egokiak erabilera jasorako.
Euskarak baditu ordain aproposak —jasorako edo lagunarterako, aukeran— honako hauen artean: dena(k) emanda ibili; gainezka/lepo/mukuru... egon, bete; itzel pasatu; leporaino/potroetaraino... egon; ezin gehiagoan, eman ahala, ahaleginean, ahalegin betean, jo eta su, jo eta ke... ibili/jardun...
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: ibili (*topean/*topera ibili)”, Jagonet galde-erantzunak.