‘Badira hamar urte ezkondu nintzELA’ ala ‘Badira hamar urte ezkondu nintzENETIK’?
Denbora-erreferentzia ematen duten horrelako predikatuek (IZAN edo UKAN aditzekin) perpaus osagarriak hartzen dituzte; beraz, -(e)la da menderagailuak duen forma. Egunak dira hor dela. Ez baitzuen lehen aldia iheska zebilela. Badu jadanik lau egun hil dela. Lehen aldia zen nik bertsolariak entzuten nituela.
-(e)netik forma ere denbora-balioan erabiltzekoa da, baina beste predikatu mota batzuekin. Adibidez: Bost urte pasatu dira etxetik joan zinenetik. Etxetik joan zinenetik, hutsune handia nabaritzen dugu.
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (50).
— “Denbora adieraztea: badira (badira hamar urte ezkondu nintzela/*nintzenetik) ”, Jagonet galde-erantzunak.