Alboko hizkuntzetan erreflexibo izenez ezagutzen dira perpaus bihurkariak. Euskaraz, izenordain indartuen genitiboak diren <neure, heure, bere... + burua> esapidea erabiliz osatzen dira : Andonik bere burua hil du. Ezingo dugu geure burua horretara behartu.
Bi xehetasun: a) Hirugarren pertsonari gagozkiola, singularrean beti da bere, eta pluralean bere zein beren (eta euren): Marinelak kareletik bota zuen bere burua / Marinelek kareletik bota zuten bere/beren/euren burua; b) Subjektu plurala duenean ere singularrean erabiltzen da nagusiki <burua> osagaia: Geure buruaren jabe gara.
KALKO-ZANTZUKOAK
a) Zuzena da lehortu, garbitu, orraztu, aurkitu eta gisako aditzekin da erregimena erabiltzea: Lehortu zaitez ondo! Ispiluaren aurrean orrazten naiz goizetan. Bakarrik aurkitzen naiz.
b) Honako egitura hauek euskaraz bihurkari bidez eman izan direnez, hala ematea da egokiena:
?Asko gorrotatzen naiz (> Asko gorrotatzen dut neure burua).
?Sarritan ikusten gara egoera horretan (> Sarritan ikusten dugu geure burua egoera horretan).
?Arbola batean eseki zen (> Arbola batean eseki zuen bere burua).
?Bota egin da leihotik behera (> Bere burua bota du leihotik behera).
*Etorriko ote den galdetzen naiz (> Etorriko ote den galdetzen diot neure buruari).
c) Baztertzekoak dira era honetakoak:
*Garbitu (al) zara aurpegia? (> Garbitu (al) duzu aurpegia?).
*Galtza berriak erosi naiz (> Galtza berriak erosi ditut).
*Txapela jantzi naiz (> Txapela jantzi dut).
Horietan, aurpegia, galtza berriak eta txapela aditzen osagarri zuzenak dira, eta, beraz, du erregimenekoa behar du izan aditzak. Hau ere desegokia da: *Ea ondo esplikatzen naizen (> Ea ondo adierazten/azaltzen dudan...).
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (62 eta hur.).
—(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (55-56).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (67 eta hur., 212-213).
— “Aditzaren jokabidea: eskegi/eseki (bere burua eskegi du / *eskegi da)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: lehortu (da/du)”, Jagonet galde-erantzunak.