Erdarakada da gaztelaniazko ‘(alguien) está reunido’ esapidearen kalkoz ematen denean. Horretarako aukera egokiak hauek dira, testuinguruaren arabera: bilera batean dago, bileran dago.
Bildu aditza elkarturen sinonimo denez (Euskaltzaindiaren Hiztegia, 6. adiera), halako eta halako bilduta daude esatea zuzena da (Zinpekoak bildurik daude); aditza singularrean egonda, ordea, ez da posible ‘biltzea’ (‘elkartzea’), non eta ez den subjektu kolektiboa (Euskaltzaindia Donostian bildu zen atzo) edo non eta ez den aditzondoa zehazten (Kanpoan jendea taldeka bilduta dago. Irakaslea ikasleekin bilduta dago) edo nor bere buruarekin bilduta dagoela.
Bestalde, bildu aditzaren du adieretan ere (batu, elkartu, pilatu) zilegi da bilduta dago esatea; gramatikala da [EH]. Ez dago debekurik hau honela esateko: Tomate-uzta ederra bilduta dago Joxe (= bildu du Joxek) aurten. Honela dio Jean Etxepare mirikuak pasarte batean: “Esku zarta ederrik bildurik dago”.
Da adieran, Amaia izaren azpian bilduta dago eta Umea ohazal urdin argi batean bilduta dago modukoak ere egokiak dira noski.
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: bildu, egon (bileran egon / ?bilduta egon)”, Jagonet galde-erantzunak.
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (51).