Hauek dira euskara estandarrerako arauak [37. araua]:
1. Durango(n), 2010eko martxoaren 7a(n) moldea (*Durango(n), 2010eko martxoak 7). Aukerakoa da NON/NOIZ kasu-marka (-n) erabiltzea; hala ere, eskutitzetan-eta erabiltzeko, absolutiboa (NOR kasua) da modu egokia.
2. Era laburtuan ere eman daiteke —zenbaki bidez, alegia—, dagozkien lotura-bokalak zainduz betiere: 2008/03/07; 2008-III-07; 2008-03-07tik; 2008/III/05eko, etab.
3. Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan soilik —koma artean— (gaur, urtarrilak 20), tituluetan (2016ko azaroak 14) eta gisakoetan. Beraz, kasu horietatik kanpora ez da zuzena: *Otsailak 24tik 27 arte izan zen (> Otsailaren 24tik...) // *Datorren otsailak 14 egingo dugu bilera (> otsailaren 14an). *Azterketak urtarrilak 23tik otsailak 9ra izan dira (> urtarrilaren 23tik otsailaren 9ra).
4. Aposizioan, hiru modutara eman daiteke asteko zein egun den:
a) martxoaren 8an, ostegunean (NOIZ adierazten du aposizioak ere)
b) martxoaren 8an, osteguna/ostegunarekin, (...) (NOIZ hori zer egun den argitzen du aposizioak)
Ez da zuzena era honetara: *martxoaren 7an, ostegunez, ezkonduko dira.
Arauan berariaz adierazita ez badaude ere [18. araua], konbentzio hauek kontuan hartzekoak dira:
- Datari dagokion urtea idaztean, ez da erabiltzen -garren atzizkia (ez letraz eta ez puntuaz), salbu urte-kopuruaren ondoren urte hitza idazten denean (eta orduan, nahitaez). Adibidez, 1982an (*1982gn, *1982gn., *1982.ean, *1982garren), 1952an, 1952. urtean (*1952.ean), 1664ko udaberrian, 2001eko abenduaren 13an...
- Milatik gorako urteak punturik gabe idazten dira, digitu guztiak elkarrekin lotuta, tartean hutsunerik utzi gabe: 2008ko iraila (*2.008ko iraila, *2 000ko iraila), 1945ean (*1.945ean).
- Hamaika zenbakia a letraz amaitzen denez, ez zaio erantsi behar beste -a bat: *abenduaren 11an etorriko gara (> 11n); ahozko moldean: [*hamaikean (> hamaikan)]. Honetara, beraz: 11tik, 31ra, 71ko (*11etik, *31era, *71eko).
Bestalde, urte-hamarkadak adierazteko, molde hau da egokia: 60ko hamarkada (eta ez *60. hamarkada).
Datak eta ARTE. Datak eta BITARTE
Datak eta EZKERO
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (124-126).
— “Data adieraztea: puntua (-garren)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Data adieraztea: deklinabidea (ekainak 18 / ekainaren 18a)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Data adieraztea: hamaika (apirilaren 11 / *apirilaren 11a)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Denbora adieraztea: arte (etzi arte / etzira arte; ostiral arte / ostirala arte / ostiralera arte)”, Jagonet galde-erantzunak.
ZUBIMENDI, Joxe Ramon (2004). Ortotipografia. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (48).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (178).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (66-67).
EHUko Euskara Zerbitzua (2007). "Hilen egunak", Ehulkuren aholku guztiak.