1. Oro har, bokalez amaitzen diren gainerako izenak bezala deklinatzen dira diptongoak. Adibidez: arau, araurik, arauri, arauren, arauz(ko), arautan, arautako, arautatik, arautara mugagabean, eta arauan, arauko, arautik, araura singularrean (*arauean, *araueko, *arauetik...). Horrela deklinatzen dira hitz hauek ere: barau, kristau, eskribau, garai, etsai, lasai, etab. Hortaz, *jarraiean eta *hogeiean, esaterako, ez dira zuzenak (> jarraian, hogeian); (*nahiean ere ez da zuzena (> nahian), berez diptongoa ez izan arren, diptongo modura ahoskatzen baita, eta beste bi horien erara oker esaten).
2. Lau zenbatzailea salbuespena da izenordain funtzioa duenean eta pluralean doanean ; . Baina izena denean, bokalez amaituak bezala deklinatzen da: lauan, lautik, lauko, laura... (*lauean, *lauetik, *laueko, *lauera...; eta berdin hauek ere: *hamalauean, *hogeita lauetik...). *Abuztuaren lauean izango da (> lauan).
3. Bestela, beste bi salbuespen daude: a) gau hitza, honako singularreko kasu hauetan: gauez, gaueko, gauetik, gauean (*gauz, *gauko, *gauan...) . b) Monosilaboak izanik kasu instrumentalean doazenak: deiez, gaiez, jaiez, seiez... (*hainbat gaiz hitz egin). [29. araua, «Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea»]
Kontuan hartzekoak dira, beste bi gorabehera hauek ere:
- w letraz eta y letraz amaitutako erdal hitzen deklinabidea: u eta i letraz bukatutako hitzak bezala deklinatzen dira.
;- Diptongoz amaitutako izen bereziak izen arruntak bezala deklinatzen dira: Unaik, Ibaik, Hodeik, Zelaik, Deik (NORK kasua)... Unairi, Ibairi... (NORI kasua)..., eta ez *Unaiek, *Ibaiek, *Hodeiek... *Unaieri, Ibaieri...
|
Okerrak | Zuzenak |
---|---|
*arauean | arauan |
*jarraiean | jarraian |
*nahiean | nahian |
*hogeiean | hogeian |
*Unaiek | Unaik |
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: gau (gautan, gautako, gautatik, gautara, gautarako)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: hitz silababakarrak (gai, jai, gau) ”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Data adieraztea: hilaren lauan/*lauean”, Jagonet galde-erantzunak.