Lehen, izen berezi gisa erabiltzen zen —artikulurik gabe, alegia—: Erregek esan du, Erregeren jauregian, Erregeri emateko, etab.; gaur egun, ordea, artikuluarekin, izen arrunt modura: Guztiek behar dugu erregea obeditu. Mazedoniako errege Alexandro Handiaren garaian.
Hitz elkartuetan lehen osagai gisa doanean, errege hitza osorik idaztea da ohikoa (marratxoz lotuta edo bereiz): errege(-)aulkia. Errege(-)etxeko atean. ?Erret forma ez da egokitzat jotzen: ez da tradizioduna, eta ez da Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen. Erreal, berriz, egokia da errege-erreginei dagokiena adierazteko. Gure Kontseilu Erreala biltzen da.
Errege(-)bide (edo bide erreala) eta errepide, biak dira hitz egokiak: lehendabizikoak antzinako bide zabala izendatzen du; bigarrenak, oraingoak, beribilentzakoak. [EH]