Galdetzaile batez (nor, zer, zein, nola...) eta nahi partikulaz osaturiko esapideak hitz bakar batean idatzi behar dira: zernahi, nornahi, nornahik, nolanahi, noranahi...
Salbuespena: lehen osagaia n, t edo k letraz bukatzen bada (zein, non, zenbat, nondik...), marratxo baten bidez idatziko da edo, hitz batean nahi bada, aldaketak eginda. Honela: non-nahi edo nonahi, nondik-nahi edo nondinahi, zenbat-nahi edo zenbanahi...; desegokiak dira: *nondiknahi, *zenbatnahi. [10. araua]
Ikusten denez, erabakia idazkera soilari dagokio. Hortaz, norinahi edo nornahiri, nornahik edo nork-nahi eta gisakoetan (kasu-marka hitzaren barnean ala bukaeran, bietarik ageri baitira tradizioan) zein hobetsi, erabaki gabe dago. Bi datu eman daitezke, hala ere, nolabaiteko hautua adierazten dutenak:
a) Euskaltzaindiaren Hiztegian badaude nahinoiz, nahinon, nahinor eta nahinora, eta hitz markatu gisa ageri dira (Bizk. g.er.).
b) EGLU I liburukian (Eranskina, 143. or.), nornahiren moldeko kasu-jokoak baino ez dira ageri: nornahi, nornahik, nornahiri...