Euskaltzaindiaren Hiztegian, goseak egon eta gose izan (eta egarri, beldur...) aditz-perifrasiak beren-beregi eta argi daude adierazita egitura egoki modura, adibide eta guzti. Forma horiek dira, beraz, hobestekoak. Nolanahi ere, Gose handia zuten esaldia ere ageri da, eta tradizioan badira Gose handia daukat bezalakoak ere; beraz, horiek ere ezin txartzat eman.
Izan ere, sentipen horiei, handi, txar eta antzeko adjektiboren bat edo zenbakiren bat eransten badiegu, orduan, badirudi eduki/ukan aditzak berez samar duela tokia. Ez zeukan gose txarra. Gose handia dauka / gose-gose da / oso gose da. Beldur gaizto bat zuen. Ez daukat batere / ez naiz batere beldur.
Goseak egon, beldurrak egon... moduko egiturak, arestian esan bezala, jatorrak dira: Goseak (hilik) gaude. Gurasoen agiraken beldurrak nago.
Bero izan, bero egon modukoak ere arauzkoak dira. Hotzak (jota) nago.
EUSKALTZAINDIA. “Esapideak: gose (gose izan, goseak egon / gosea eduki)”, Jagonet galde-erantzunak.