Gaur egun -kada atzizkia zaigu bereziki ezagun, baina tradizioan beste molderik ere ageri da (-tara, -ta).
Bi adiera desberdineko izenak eratzen ditu:
• Oinarrian adierazten den elementuak hartzen duen ‘kantitatea’: ahokada, basokada, betekada, eskutada/eskukada, kolkokada, katilukada, platerkada... Neurri-sintagmak osatuz ageri da maiz: katilukada txokolate, lau kolkokada madari...
• Oinarrian dagoen izenak emaniko ‘kolpea’: aizkorakada, belaunkada, ezpatakada, harrikada, kulatakada, makilakada... Erdarakada eta euskarakada ere multzo honetan sar genitzake. [EH]
Bigarren adiera honetan, sor daiteke zalantza inoiz: zer da egokiagoa, hitz eratorria erabili/sortu (ezpatakada, aizkorakada) ala <izena + -ukaldi/kolpe> hitz-elkartearen bidea erabili? Zaila da irizpide orokorrak finkatzea, eratorbidea zein hitz-elkarketa, biak baitira bide zuzen eta emankorrak. Testuinguruak esango digu zein den aukera egokiena.
EUSKALTZAINDIA. “Kolpea adieraztea: -kada (harrikada, makilakada)”, Jagonet galde-erantzunak.
VILLASANTE, Luis (1974). Palabras vascas compuestas y derivadas. Oñate: EFA.