KONPARAGAIEN ARTEKO BERDINTASUNA. Konparatzen diren bi elementuek kasu berean joan behar dute. *Hura zure baino azkarragoa da (> Hura zu baino azkarragoa da [NOR eta NOR]). Zuk Edurnek adina liburu dauzkazu [NORK/NORK]).
Egokia da molde hori errespetatzea zenbatasunezko konparazioa mugagabeko izenen artean egiten denean ere: Gizonezko baino emakumezko gehiago joan da / ?Gizonezkoak baino emakumezko gehiago joan da.
BATEK BAINO GEHIAGOK. Bi konparagaiek deklinabide-atzizki bera eramatea da lege orokorrena: bat baino gehiago, batek baino gehiagok, bati baino gehiagori...
BAINO ≠ BAINO GEHIAGO/AREAGO. *Lagundu baino, kalte egiten du. (> Lagundu baino gehiago... [edo Lagundu beharrean / (barik) / ordez...]).
DUTENA BAINO ≠ DUTEN BAINO. Ez da egokia -a mugatzailea sartzea honelako konparazio-perpausetan: *Aldamenekoek uste dutena baino hobeto bizi gara (> Aldamenekoek uste duten baino hobeto bizi gara.
Horrelakoetan, -(e)n baino/bezain/bezala/adina egitura da egokia (uste duten baino, nahi dugun baino, esaten duten baino, dirudien baino...), eta ez -(e)na baino.
Forma artikuludunaren eta artikulurik gabearen arteko aldea ikus daiteke adibide honetan:
—Nolako autoa erosi duzu? —Nahi nuena baino merkeagoa, nahi nuen baino garestiago.
Lehenbiziko parteko nahi nuena guztiz egokia da, artikuluarekin, ZER adierazten baitu: nahi nuen [auto]a, nahi nuena. Bigarren partean, berriz, NOLA adierazteko, nahi nuen baino... erabili da.
ESAN DUEN BEZALA = ESAN DUENEZ. Konparazio-baliorik gabe, -(e)nez loturaren funtzioarekin erabiltzen dira batzuetan -(e)n bezala, -(e)n moduan, -(e)n legez eta gisakoak. Molde egokiak dira. Normalki, esan, aipatu, irakurri eta, oro har, -(e)la osagarria onartzen duten aditzak izan ohi dira tankera honetako esamoldeetan: Aurreko puntuan, ikusi dugu otsoa kanidoen familiakoa dela // Aurreko puntuan ikusi dugunez, otsoa kanidoen familiakoa da / Aurreko puntuan ikusi dugun bezala, otsoa kanidoen familiakoa da. // Ohartuko zineten gai hau eztabaidagarria dela oso / Ohartuko zinetenez, gai hau eztabaidagarria da oso / Ohartuko zineten bezala, gai hau eztabaidagarria da oso.
Ikus beste sarrera hauek ere:
; .
EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (281, 376-377, 409, 419-420).
—(2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI (EGLU VI). Bilbo: Euskaltzaindia (299-300).
— “Berdintasuna adieraztea: bezain (nahi nuen bezain merkea / nahi nuena bezain merkea)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (52-57).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (315).