Arazoak bi aurpegi ditu:
• Latinezko hitz-andana du euskarak mailegatua (hiztegietan jasoak daude): curriculum, curriculum vitae, corpus, campus... Horiek euskal hitzak dira dagoeneko, eta euskal hitzek bezala hartzen dituzte kasu-markak: curriculum vitaea bidali dut; corpuserako bildu dira...
• Badira euskarak bereganatu gabeko hitz eta joskerak ere: latinismo izenez ezagutzen dira orduan. Horiek egokiak eta erabilgarriak dira euskaraz ere, erregistro jasoetan batez ere, nazioarteko hizkuntza guztietan gertatzen den bezala. Hona hemen horietako zenbait, adibiderako, bakoitza bere esanahiarekin:
ante meridiem: eguerdi aurrean
a posteriori: ondorioak ikusi eta gero
a priori: aldez aurretik
carpe diem: aprobetxatu eguna
cogito, ergo sum: pentsatzen dut; beraz, banaiz
in crescendo: gorantz, gero eta biziago
in extremis: azken-azkenean, azken orduan
in flagranti / in fraganti: bete-betean. In fraganti harrapatu > Bete-betean harrapatu.
in situ: bertan
in vitro: laborategian, tutuan
ipso facto: berehala, une berean
Kasu-markarekin lotzeko, aukeran dago marratxoz lotzea, komatxo bidez ematea edo hitza etzatea (edo sintaxi-mailako bestelako irtenbide bat ematea): vis a vis-a galarazi / “vis a vis”a galarazi / vis a visa galarazi; zure modus vivendi-ak / zure “modus vivendi”ak / zure modus vivendiak garesti jotzen du; bukaeran jarri zuen nota bene-an / “nota bene”an / nota benean zetorren... Euskaltzaindiak erabaki gabeko auzia da izatez, baina estilo-liburu gehienek hitza etzatearen alde egiten dute.