(...)
Atalaia 'gaina' eta ondoa toponimian ongi ezagunak (cf. Atalaiasaietsa Morionesen, eta Atalaieta edo Atalayal Zaren [Kortesen La Atalaya historiaurreko despoblatua dugu. Ikus Javier Gárriz Ayanzen Despoblados, Temas de cultura popular, 186. zkia., 8. or.]) dira leku-izen honen bi osagaiak, eta egon ere La Revuelta-ko gain baten aldamenean dago.
Euskaraz badirudi gaurregun Talaia-z besterik ibiltzen ez dela: Azkuek, esaterako, talaia baizik ez du biltzen bere hiztegi ezagunean:
"atalaya, semáforo...son por lo regular humildes tejavanas y aún la cumbre pelada de alguna colina"·
Sarasolak [HLEH] atalai baztertu beharrekotzat jotzen du, eta hitz batutzat talai ematen du. Mitxelenak [OEH] Atalai edo Talai 'atalaya' dakar:
«Nom que sur la côte du Labourd on donne à des petites tours où les vigies montent le jour, et où l'on place des famaux pendant la nuit, quand les pêcheurs sont en mer» (Duvoisin); «observatoire, lieu élevé d'où l'on observe au loin» (Harriet)
Eslabako izenaren lehen lekukoa hasieran a- duela ageri da (Atalaya ondoa, 1572); hurrengo biek genitibo singularraren hondarkia izan lezakete (Atalayanondoa 1690ean, Atalaianondoa 1691n), eta 1800eko lekukotasunean, azkenik, a + o > o laburketa aurkitzen dugu (Atalaiondoa).
Gaurregun Talaionda [tàlayónda] esaten da, hasierako bokalaren aferesiaz eta posposizioaren ustelketa eta desitxuraketaz (cf. Balatuenda Leatxen, Nobeletaondoa-tik).
Masu Nittak [Notas lingüísticas..., 22. or.] 1696ko Atalacondoa eta 1753ko Atalaicondoa aipatzen ditu, eta hauetan oinarri harturik atalai eta ondoa-ren artean leku-denborazko genitiboaren -ko morfema dagoela uste du:
"TALAYONDA (Eslava): Explicado como «TALAI (< cast. atalaya....) y -ONDA, var. de -ONDO 'junto a'».
Pero para ser más exacto en el análisis del mismo, habrá que partir de sus testimonios antiguos como Atalaicondoa (año 1753) y Atalacondoa (1696), compuesto del arabismo atalai, suf. genitivo vasco -KO y -ONDO 'lado; fondo; raíz; etc.' con art. -A"
Guk ez dugu sekulan autore honek aipatzen dituenen antzekorik aurkitu, eta egungo aldaera ere horren kontra mintzo da. Edozein modutan, eta aldaera horiek nahasketa edo desitxuraketaren fruitu ez badira, tarteko -k- hori euskal elkarketa-eratorketan aldika ageri den kontsonante epentetikotzat hartu behar genuke [L. Villasante, PVCD, 36-37. orr.], ondo posposizioa duten toponimoek ez baitute sekulan -ko hartzen (cf. Artaduondoa, Arranomendiondoa, Azterainondoa [Guztiarekin, aldea posposizioa dutenek ere ez dute -ko hartu ohi, eta Galipentzun Erbiñako aldea daukagu.]...), Hegoaldean bederen.
Atalaiondoa eta Bidezarreta-ren erdian, Lergako errepidearen ondoan El Alto izeneko gain eta dermioa dago (ikus sarrera hau), eta badirudi hau dela mintzagai dugun toponimoko atalaia hori. Paso de Atalaiondoa Camino de Atalaiondoa-k eta Barranco de Lergabidea-k bat egiten duten gunean dago.
Atalaiondoa-k aipatu El Alto-rekin ezeze, Bidezarreta, Euntzeberri, Euntzeluzea, Lergabidea eta La Revuelta-rekin ere mugatzen du.
(...)
Que:
Où:
Origine:
OV.11