JAGONET galde-erantzunak

Maileguak: smartphone, WhatsApp hitzak euskaraz

Erdal hitzek (smartphone, WhatsApp… eta gisakoek) kasu-markak nola hartu behar dituzte?

Galderan ageri diren hitzak honela ematekoak dira idatziz:

  1. smartphone hitza, euskal lexiko arrunteko hitza denez (Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri da), euskal hitz arrunt gisa:
    smartphonea, smartphoneak, smartphoneari, smartphonearen, smartphonean…
    Azken urteetan areagotu egin da smartphonearen erabilera.
  2. WhatsApp hitzaren kasua diferentea da:

- Izen berezi modura hartzen bada (hala da aplikazio modura hartzen denean): WhatsAppek ~ WhatsApp-ek; WhatsAppen ~ WhatsApp-en; WhatsAppeko ~ WhatsApp-eko…
WhatsAppek/WhatsApp-ek pribatutasun baldintzak eta politikak eguneratu ditu.
WhatsAppen/WhatsApp-en begiratuko dut hori.

- Izen arrunt modura hartzen bada (hala da aplikazio horrekin sortutako mezua denean), oraindik euskal lexiko arruntekoa ez denez hitza, aukerakoa da marratxoa jarri ala ez:

whatsappa ~ whatsapp-a; whatsappak ~ whatsapp-ak; whatsappean ~ whatsapp-ean; whatsappeko ~ whatsapp-eko; whatsappetan ~ whatsapp-etan…
Nire whatsappei eta nire deiei ez die erantzuten.
Blogetan eta whatsappetan darabilten hizkera aztertu behar da.
Atzoko whatsappak gaur iritsi zaizkit, WhatsApp atzo ez zebilelako.

184. arauan adierazten da erdal hitzen kasuistika.

- Hitz batzuek ez dute zalantzarik sortzen: Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri direnez, beste edozein euskal hitz bezalakoak dira eta haiek bezala moldatzen dira (bai bokalez amaituak: judoan, whiskiarekin… [euskarazko mendi bezala, alegia]; bai kontsonantez amaituak: balletean, curriculumarekin… [hots, euskarazko haran bezala]).

- Beste batzuek, ordea, zalantza sortzen dute. Nahiz euskal hitzak izan (Euskaltzaindiaren Hiztegian ageri dira eta), erdal jatorriko hitz askotan hitzaren azken fonema edo hotsa eta hitzaren azken letra ez datoz bat gure belarri-begietara. Horrek sortzen du zalantza. Euskaraz jatorrizkoan bezala idazten diren kanpoko hitz horiekin, beraz, bi jokamolde ezberdin dauzkagu ahoz ala idatziz ari garen:

  • Ahozko jardunean (ahoskera zainduan, behintzat), jatorrizkoan duten ahoskera kontuan hartzea komeni da, eta halaxe saiatzea gure ahoskera ere, idatzia itsu-itsuan hartu gabe. Esaterako: byte [báita, báitak, báitaren...], nylon [náilona, náilonak, náilonaren…]. Multzo honetan sartzen da smartphone hitza ere: [esmartfona, esmartfonak, esmartfonaren…].

    Berdin jokatzen dute izen bereziek ere: Google [gúgelen, gúgelek…], De Gaulle [dególen, dególek…], Calais [kalék, kalén, kaléko…], Twitter [tuíterrek, tuíterren, tuíterreko…].

  • Idatzizkoan, ordea, letra da oinarria, eta letra hartu behar da kontuan, eta euskal hitza balitz bezala hautatu dagokion kasu-marka, kontuan harturik zein den hitzaren azken letra, bokala (byte: bytearen ~ byte-aren, byteko ~ byte-ko…) ala kontsonantea (nylon: nylonaren ~ nylon-aren; nylonezko ~ nylon-ezko…). Horren ondorioz: smartphonea, smartphoneak, smartphonearen…(bokalez amaitua); eta whatsappa ~ whatsapp-a; whatsappak ~ whatsapp-ak; whatsappean ~ whatsapp-ean… (kontsonantez amaitua).

Berdin jokatzen dute izen bereziek ere: Google (Googleren ~ Google-ren, Googlek ~ Google-ren…), De Gaulle (De Gaulleren ~ De Gaulle-ren…), Calais [Calaisen ~ Calais-en…), Twitter (Twitterrek ~ Twitter-ek, Twitterren ~ Twitter-en, Twitterreko ~ Twitter-eko…]. Horren ondorioz: WhatsAppek ~ WhatsApp-ek; WhatsAppen ~ WhatsApp-en; WhatsAppeko ~ WhatsApp-eko…

 

Data: 2024-07-15

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > erdal izenak

Unitate-mota: hitzak > izenak

Sede principal

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centro de Investigación

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Sedes

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Asociación

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper