(...)
Toponimo honen lehen agerraldietan -r-dun aldaerak ediren ditugu: Lunberi (1597), Costalado de Lumberi (1723), Portillo de Lumberi (1767).
Hurrengo bietan dardarkari anizkuna ageri da: Lumberri (1793), Lumberriz (1828).
Gaurko aldaerak Lunberiz [lumbériz] edo Gunberiz [gumbériz] dira, euskaraz erabiliak izatetik gaztelaniaz erabiliak izatera pasatzerakoan toponimo euskaldunek zenbaitetan jasaten duten -rr- > r sinpletzeaz agian (cf. Galipentzun bertan Larregureneta > Larreguneta > Laragoneta edo Ibarreko harana > Barikorana) eta bukaerako -z erdalduntzailearen eransketaz (cf. Uxuen Ardui, Arduiz). Bigarren aldaeraren hasierako belarea nahasketa baten fruitua da, hain zuzen ere Gezari > Lezari-n aurkitzen dugunaren kontrakoa.
Izen honen etimologia, lehenengo begiratuan Galipentzutik hurbil dagoen Lumbier herriaren euskal izenarekin (hots, Irunberri-rekin) erlazionaturik dagoela irudi du. Honetatik abiatzen bagara, Iribarren > Libarren-en dugun aldakuntza edo desitxuraketa bera genuke, baina Irunberri-ren aurrekoa datekeen Ilunberri-tik ere abia gintezke.
Mitxelenak [Iruñea", PT, 189. or.], Iruñea izena aztertzen ari delarik, iragaitzaz, Moret nafarraren hitz hauek aipatzen ditu:
"del nombre de aquella villa, que el libro de la Regla [de Leyre] llamó Lumberri, y es el antiguo, y el que oy retienen los Vascongados"
eta honela jarraitzen:
"Ez ote zekien (Moretek) euskaldunek, Los Vascongados, euskaraz egiten zutenek, bera barne, Irunberri (Erronkarin, gero bederen Urunberri) esaten zutela? Hor ere erdi bidetik, «zubigintzan», ingelesen compromise-an, ibili zen Moret, euskararen eta erdararen artean"
Halarik ere, daitekeena da gure ustez Moretek dioena egia izatea, hots, eskualde honetako euskaldunek, mugakoak izanik, eta erdararen eraginez seguraski, gure hizkuntzan Lunberri ibiltzea, Erronkarikoek lehen Urunberri, eta Zaraitzu eta Aezkoakoek oraino Irunberri [irumbérri] esan arren [Ikus NHI, 183. or.]. Hortaz, eta laburtuz, daitekeena da gure iduriko Galipentzuko Lunberri-k eta hurbil dagoen Irunberri herriaren izenak jatorri bera izatea.
Caro Barojaren ustez [Observaciones sobre el vascuence y el Fuero general de Navarra", FLV, 1969, 1, 84. or. Reta Janárizek aipatua, EHZE-ko 490. orrialdean. Ilunbe-ri buruz ikus Leatxeko Sombras sarrera.], bukaerako -berri osagaia ez da beti 'nuevo', Menéndez Pidalek nahi zuen moduan [Azken autore honek Toponimia prerrománica hispana deitu laneko 10-15. orrialdeetan ukitzen du gai hau. A. Irigoyen ere arduratu da honetaz "Cuestiones de toponimia vasca circumpirenaica" laneko 193-194. orrialdeetan, ETTVC-n.], Ilunberri-ren moduko toponimoa Ilunb- eta -erri 'herri' gisa ere zatika baitaiteke. Reta Janárizek berriz, ilun 'villa', 'pueblo' eta berri 'nuevo'-ren bidez azaltzen du [EHZE, 490. or. Autore honek Lumbériz-en etimologia egitean "cf. «Lumbiarra», Lerga" sartzen du, baina Lergako gaurko Lunbiarra-k ez du zerikusirik aztergai dugunarekin, horren jatorria Alormearra delako (ikus Lerga).].
Lunberri-k Bartabustu, Peñazamala, Larregureneta, eta Ardantzeandia-rekin mugatzen du. Dermio honen barruan, Saso de Lunberri, Paco de Lunberri eta Portillo de Lunberri ditugu. Lehena Epaizko bidearen ondoraino hedatzen den goi-zelai kaskailutsua da, bigarrena Ardantzeandia-rekin mugatzen duen ospela, eta hirugarrena Bartabustu, Peñazamala eta Lunberri-ren beraren mugan dagoen harrartea.
Costado de Lunberri, azkenik, Ardantzeandia-ren aldameneko alderdia zen, agian Paco de Lumberri bera.
(...)
What:
Situation:
Origin:
OV.11