(...)
Ezbairik gabe aurreko toponimoko gesal eta honen aldaera den gezal-ekin lotu behar dugu Ageza, Eslaba eta Galipentzun agertzen den Gezari leku-izena, dermio honetan gesala dagoelako, hots, lurrak gatz asko daukalako.
Gezari ([gezári] ebakia orain)-ren ondoan bitan (behin Agezan 1586an, eta beste behin Eslaban 1652an) Gaizari aurkitu dugu, eta diptongodun aldaera hau Gezari-ren sorburutzat har litekeen arren (cf. ai > e pausoa frantsesez, euskarako -ai- / erromantzeko -e- txandakatzea: Orzaize > Osses, Osés; Ustaize > Ustés... edo euskararen barruan zenbaitetan gertatu bide den ai > e pausoa: Larrenpe [larrémpe] Arakil-Ekain, itxura guztien arabera aurreko *Larrainpe batetik aterea), Gezari lehenago agertzen da eta orokorra da dokumentazioan, bizirik dagoen aldaera izateaz gainera, eta beraz jatorrizkotzat jo beharko dugu (cf. gainera gezal, gesal zabalduarekiko erlazioa) [Ikus Lergako Jaun Done Mikendi sarreran dioguna. Alabaina, Caro Barojaren eritzia aintzat hartzen bada, zaharrena Gaizari dela pentsatu beharko dugu. Ikerle ezagun honen arabera Kessalla despoblatu-izena latineko caesa-ren eratorria den caesalia-rekin lotu behar genuke, ez gezal-ekin (HGPV, 250. or.).
Gezari azaltzeko caesalia-tik abiatzen bagara, euskaraz *gaezaria izango genuke lehenik, hasierako belarearen ahostuntzea, latineko -s- > euskarazko -z- pausoa, eta bokal arteko -l- > -r- gertatu direlarik, latinetikako maileguetan ohi denez. Guk, esan bezala, Gaizaria ere dokumentatu dugu, baina -a-dun aldaerak aski berandukoak dira, eta itxuraz bederen bukaerako bokala euskal artikulua da.
Dena dela, Gaizaria-tik abiatzen bagara, amaierako -a hori euskal artikulutzat hartu zela kontu egin dezakegu, beharbada elkarketan (cf. Gezaribarrena, Gezarigoiena... Eslaban, Gezaribidea Agezan) maiz azaltzearen ondorioz. *Gaezari(a)-tik Gaizari-rako urratsa ere ez litzateke harritzeko (cf. apaez > apaiz), batez ere -e- txistukari baten ondoan dagoela aintzat hartzen bada (cf. pisu, pizu < peso...). Gaizari > Gezari-n, azkenik, aipatu ditugun herri-izen horietan edo apaiz > apez-en dugun monoptongaketa bera genuke.
Teoria honen oztopo nagusia, dena den, latineko ae, oe diptongoak euskaldunek ezagutu zuten latinean monoptongatuak egotean datza. Honela mintzo zaigu Mitxelena puntu honetaz (FHV, 104. or.):
"En préstamos no parece haber caso alguno en que el diptongo latino ae (y oe) se haya conservado como tal, lo que se debe sin duda a que en el latín que conocieron los vascos se había monoptongado ya: vasc. gezi 'dardo', lat. gaesum"
Arabako Kessalla hori Mitxelenaren eritziz beste toki askotako gesal bera da, l geminatua L gogor baten adierazle baizik ez delarik. (FHV, 322. or.).
Zernahi gisaz, eta esan bezala, Gezari toponimoa izen arrunta den gesal, gezal-ekin estuki lotua dagoela irudi du, eta beraz batari dagokiona besteari ere badagokioke. Mitxelenak FHV-ren eranskinean gesal oso zabaldua dagoela dio, eta oso zaharra dela, eta Corominasek ematen duen agua sal jatorriaren ordez aquae sal proposatzen ahal dela. (FHV, 560. or.)].
Barranco de Gezari [Cf. Kasedako Barranco del Salado. PRA-Kaseda, 45. k., 1818] Eslabako Tastaran-etik Galipentzuko El Riacho-raino luzatzen da, baina ibilbide gehiena (azken zatia Galipentzu barruan dago) Eslabako lurretatik egiten du, ez Agezatik (ikus Gezaribide sarrera). Bi herrion arteko muga, dena den, Gezari-n dago, hein handi batean.
1798ko Costera de Gezari gaurko Cuesta de Gezari bera da, Alto de Ayape-ren magaleko aldapa edo Zazu / El Saso-ren eta Gezari-ren artekoa [Bi Cuesta de Gezari daude egun].
Portillo de Gezari [Id., 9. k], bere aldetik, euskarazko Gezariportillua-ren erdarazko ordaina da, eta Oibartik Lergarako bideko ataka adierazten duela dirudi, Ategarate-ko Cerro Mandurro-ren albokoa, alegia.
Gezari-k Eslabako eta Galipentzuko Gezari (Lezari bilakatua azken herri honetan), Balarata, El Saso eta El Coscojar-ekin mugatzen du.
(...)
Que:
Où:
Origine:
OV.11