Googlen, informazio-kopuru sarriago ageri da informazio-kantitate baino. Egokia al da kopuru erabiltzea informazio bezalako izen zenbakaitz batekin?
Orokorrean, informazio-kantitatea da aukera egokia.
Euskaltzaindiak ez du horretaz araurik eman, baina testu espezializatuetan bereizketa nahiko sistematikoa egiten da.
Izen zenbakaitzak jarraituak diren gaiei dagozkie; alegia, banakoetan ezin bereiz daitezkeenak: ur, olio, gari, su, maitasun, gorroto… bezalako hitzak, alegia. Masa edo izen abstraktu gisa hartzen ditugu; horregatik, ezin dira zenbatu (bat, bi, hainbat…): *hiru maitasun. Ezin dira zenbatu, baina bai neurtu, eta neurketaren emaitza kantitatea da (ur-kantitatea…). Magnitude zenbakarriak, aldiz, zenbatu daitezke, eta zenbaketaren emaitza kopurua da (sagarren kopurua, bidaide-kopurua…). Hortaz, arestian esan bezala, informazio-kantitatea da aukera egokia.
Hori hala izanik ere, testuinguruak edo adierak hala eskaturik (esaterako, informazio-iturri jakin batzuez ari bagara), zenbatzailea ere har dezake, jakina: Gaurko bi (hiru, lau…) informazioak kontraesanean datoz. Adiera horretan bakarrik izango luke tokia kopuru hitzak.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.