a) NAN ala NA: nola idatzi eta esan beharko genuke?
b) NAN baldin bada aukera, nola/noiz lotu behar zaizkio kasu-markak?
Euskaltzaindiak arautu gabeko gorabehera ortotipografikoak dira horiek, baina badira ohitura adostu nagusi batzuk.
a) Ez dira nahitaez gauza bera. Zehazki hitz eginda, honatx aldea:
- NANa dokumentu espezifikoa da (Nortasun Agiri Nazionala), bat eta jakina. Espainolezko DNIaren (Documento Nacional de Identidad) ordaina; eta frantsesezko CNIarena (Carte nationale d’identité).
- NA (nortasun-agiria), aldiz, molde generikoa da; pertsonaren nortasuna egiazta dezakeen dokumentu ofizial bat edo beste izan liteke (pasaportea, gidabaimena…). [EH:nortasun-agiri]
b) Bi sigla-mota bereizi behar dira:
- Sigla batzuk izen berezien ordezkoak izaten dira (EUTG, EUDEL, AEB…): horiek ez dute artikulurik hartu behar: Hori EUTGren erabakia da. EUDELek erabaki du. AEBk presidente berria du.
- Beste batzuk, berriz, izen arrunten ordezkoak dira (BEZ, CD, PC, NAN…): horiek beste edozein izen arruntek bezala hartzen dute artikulua, eta, ondorioz, absolutiboan (NOR kasuan, alegia) artikulua dagokie (baita inprimaki, zerrenda eta antzekoetan ere):
DNI/CNI/NANa; NANa berriztatzera joan behar dut; NANarekin etorri behar da.
IVA/BEZa; BEZa barne; BEZa gehitu behar zaio.
Non grabatua da CDa?
Bi PCak hondatu zaizkit.
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, ortografia > siglak/akronimoak
Unitate-mota: hitzak > siglak, karaktereak > laburtzapenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.