Ariketa batean honako galdera hau agertu zaigu: "Noiz -(e)n eta noiz -(e)lako?"
Norgehiagoka irabaziko __________________ itxaropenaz zelairatu ziren
a) zutelaren
b) zutenaren
c) zutelako
Mamua etorriko _______________________ aitzakiaz ez nintzen oheratzen
a) zen
b) zelaren
c) zenaren
Aztertuta dago kontu hori?
116. arauak dihardu horretaz. Eta Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V, 145. or. liburukiak ere deskribatzen ditu osagarri jokatuetan erabiltzen diren atzizki horiek. Baliokideak dira; aukeran daude biak.
Galderako adibideetan, lehenengoan, zutelako dagoen tokian berdin jar zitekeen zuten; eta bigarrenean ere, zen bezain egokia da zelako.
Duten ezberdintasuna: -(e)lako atzizkia euskalki guztietan erabili izan dela dio arauak, eta -(e)n atzizkiaren erabilera, gehienbat, mendebaldeko euskalkietakoa eta berriagoa dela.
Adibide batzuk:
Euskara Afrikatik datorrelako/datorren hipotesia defendatu dute batzuek.
Bazuen laguntza emango zioten/ziotelako ustea.
Bi horietaz gain, bada beste egitura bat ere predikatu-egituretan ageri dena (sospetxa ukan, erabakia hartu, berria hedatu, berria ekarri... aditzekin): Udalak hartu zuen erabakia, kaperak behar zirela berritu (= Kaperak berritu behar zirelako/ziren erabakia hartu zuen udalak).
Horrez gain, ikus hauek ere: "Lexikoa: seinale (maite gaituzten/gaituztelako seinale/*maite gaituztelaren seinale) " (JAGONET), "Lexikoa: berri, susmo, seinale (ezkondu delako berria / ezkondu den berria)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kalko baztergarriak, lexikoa > orokorra, sintaxia > kalko baztergarriak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > izenak, hitzak > menderagailuak, joskera > kalko baztergarriak, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.