Zuzena al katu gizajoa esatea?
Ez, katu gaixoa esan behar da.
Euskaraz, izenek eta izenondoek ez dute genero gramatikalik izaten, gaztelaniaz edo frantsesez duten bezala. Bereizkuntza egiten da hiztegiko hitz-bikote banaka batzuetan (hitz desberdinak dira, beraz, eta ez hitz baten genero-aldaerak). Izenondoetan, honako marka hauek ageri dira hiztegian [EH]:
gajo Gip. (emakumezkoei dagokie)
gaixo 1 iz. eta izond. eria. 2 izond. errukarria
gizajo Lgart. gizagaixoa
gizagaixo (gizonezkoei dagokie)
tonto 1 ergela, zozoa. 2 Ipar. motela
tuntun 2 izond. (emakumeez mintzatuz)
Beraz, gaixo hitza markatugabea da; gajo, emakumeei dagokiena; gizagaixo, gizonezkoei dagokiena, eta gizajo, berriz, gizagaixoren gipuzkerazko aldaera.
Bestetik, tuntun izenondoa markatua da (bide batez esateko, neska tuntun bat da forma zuzena, eta ez *neska tuntuna bat).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > adjektiboak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.