Goizez eta goizean desberdindu behar dira? Muga garbiak dituzte? Goizez egiten dut lan ongi esana dago ohitura adierazteko?
Goizez eta goizean, printzipioz, desberdindu egin behar dira. Goizez egiten dut lan ongi esana dago.
Gramatika batzordearen “-z instrumentalaren zenbait erabilera oker” artikuluan daude horren argibideak [Euskera 39.,1994,3:916].
Artikuluan, besteak beste, hau aipatzen da: “Goizez mugagabea da, eta goizean mugatua; lehenbizikoa inespezifikoa da, zehaztu gabea; eta bigarrena espezifikoa, zehaztua”.
Zehaztua/zehaztugabea bereizketa kontuan hartuta, honela banatu ditzakegu -n eta -z atzizkien erabilerak, denbora adierazteko esapideei dagokienez:
a) Denbora-erreferentzia zehatza adierazteko, -n erabiltzen dugu: astelehen goizean, atzo goizean, iazko Pazko-goizean, hurrengo goizean. Asteko egunak eta hilak adierazteko ere, jakina, -n erabiltzen dugu (astelehenean, asteartean, martxoan, apirilean), halakoetan ere denbora-erreferentzia zehatza adierazten dugulako.
b) Denbora-erreferentzia zehatzekoak ez direnak adierazteko, -z erabiltzen dugu: goizez lan egiten dugu beti, Pazko-goizez kalera irteten gara urtero, goizez irekita, astelehenean goizez egingo du lan (baina *astelehen goizez egingo du lan ez da zuzena, erreferentzia zehatza adierazten ari garelako).
Hala ere, erreferentzia orokorra adierazteko, -n atzizkiaz ere baliatzen gara: Gabon-egun goizez/goizean; igande goizez/goizean meza izaten da; Pazko-goizez / Pazko-goizean kalera irteten gara urtero.
Eta azkenik, erreferentzia zehaztugabea adierazteko [izena + bat] egiturak bai -n, bai -z atzizkiak har ditzake: goiz batez / goiz batean.
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.