Nola idazten dira mota, sail, maila, kopuru, multzo eta gisako hitzekin osatutako hitz elkarteak? Arau bereziren bat dute horiek?
Euskaltzaindiaren "Hitz elkartuen osaera eta idazkera" izeneko 25. arauaren 4. puntuan dago hori arautua. Esaten du aukeran dagoela marratxoa erabili edo ez. Eta, adibideen artean, galderan ageri diren batzuk ageri dira preseski: (…) garapen-maila edo garapen maila, ikastetxe-mota edo ikastetxe mota (…). Hautazkoa kontua da, beraz.
Interesgarria da, hala ere, EBEko "berrelkarketa" (EBE) fitxako azken paragrafoari erreparatzea, galderan aipaturiko hitzek sail nahiko berezia osatzen baitute sintaktikoki. Izan ere, izen-elkarketa arruntean bi osagaien artean ezin da inolako elementurik sartu (esne-behia > * esne zuri behia); galderan ageri diren izenek (mota, sail, maila, kopuru, multzo…), ordea, onar dezakete adjektibo bat tartean (liburu zahar multzoa, zuntz optiko motak…). Horrelakoetan marratxorik ezin da jarri.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz elkartuak, ortografia > marratxoa
Unitate-mota: hitzak > adjektiboak, hitzak > izenak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.