Zalantza dugu bi esloganen artean: Eskola Publikoa denOna denOntzat / Eskola Publikoa denEna denEntzat.
Eta hauek: denonTZAT/denonDAKO?; denenTZAT/denenDAKO?
(Kontuan hartu Baztanen gaudela)
Denak zuzenak dira.
Plural hurbila (denok, denontzat...) hurbiltasun fisikoa, psikologikoa eta denborazkoa adierazteko erabiltzen da; eta, oro har, hiztunak plural hurbila erabiltzen duenean bere burua barnean sartzen du. Adibidez: Irakasleen lan-egoera ez da ona (‘irakasle haiek’). Irakasleon lan-egoera ez da ona (‘gu irakasle langileok’). Eta primeran dago aipagai dugun taldea aurrez aurre dugunean ere, nahiz hiztuna taldean ez egon: Zuek, apaizok, ez duzue kolperik jotzen.
-tzat/-dako (eta baita -tzako ere) postposizioak baliokideak dira, euskalkien arabera, aditzaren osagarri direnean:
Norentzat/norentzako/norendako da hori? Ez dut ezer aurkitu amonarentzat/amonarentzako/amonarendako.
Galderako adibideak honela sailkatuko genituzke, beraz:
Plural hurbileko moldekoak:
Eskola publikoa denona denontzat / denondako / denontzako.
Plural arrunteko moldekoak:
Eskola publikoa denena denentzat / denendako / denentzako.
Baztanen ere, horrelako eslogan inklusibo baterako, plural hurbila erabiltzea ez litzateke desegokia. Beraz, bi aukera hauek egokiak dira:
Eskola publikoa denona denondako. Eskola publikoa denena denendako.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > zenbatzaileak
Unitate-mota: hitzak > adberbioak, hitzak > determinatzaileak, hitzak > izenordainak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.