Zuzena al da Ikerrengatik galdetzeko esan didate esatea, adibidez, Iker zein den edo non dabilen jakin nahi dudala adierazteko?
Kasu instrumentala (-z) dute horrelakoek osagairik arruntena, alde handiz, tradizioan (Ikerrez galdetzeko esan didate). Baina motibatiboaz (-gatik) eratuak ere ageri dira Orotariko Euskal Hiztegian [OEH: galdetu]. Beraz, ezin txartzat jo, nahiz eta estandarrerako gomendagarria ez izan.
Nolanahi ere, kasu instrumentalarekin osaturikoarekin batera, tradizio handiagoa dute beste molde hauek: Ikerren galde nator, Ikerren galdea egiteko esan didate, Ikerren galdez nabil, Ikerren galdezka ari naiz...
Horrez gainera, ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: -ren galdea egin; galdegin/galdetu" (JAGONET).
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.