Zuzena al da polikiroldegi esatea? Hala ez bada, zergatik ez da zuzena?
Batasunerako erabilera zuzen-egoki bakarra kiroldegi da.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak [EH:kiroldegi] definizio hau dakar: ‘Hainbat kiroletan aritu ahal izateko prestatua dagoen instalazioa’.
Euskaltzaindiak batasunerako arautuak ditu poli- aurrizkia duten hainbat hitz: polifonia, poligamia, poliglota, poligono, poliklinika, polisemia, politeismo eta abar. Hitz horietan guztietan poli- aurrizkiak ‘hainbat, asko’ esan nahi du: polikromo=kolore asko(ta)koa; polimorfo=forma asko(ta)koa eta abar. Baina kiroldegi hitzaren azalpenak berak ‘hainbat kiroletan aritu ahal izateko’ dela adierazten duenez, alferreko errepikapena da poli- aurrizkia erabiltzea: horregatik da okerra *polikiroldegi hitza.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > aurrizkiak, afixuak > atzizkiak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.