Horrek ez du zer ikusirik nik esandakoarekin (zuzen).
Horrek ez du zer ikustekorik nik esandakoarekin (oker).
Lehen esaldia zuzena da, zalantzarik gabe, baina zerikusirik idatzi ohi da, loturik, esaldi horretan izen-kategoria baitu (zerikusi = erlazio). Izan ere, lehen esaldi horren ordez, honelako zerbait idatz liteke: Horrek ez du erlaziorik nik esandakoarekin.
Alegia, zerikusi izena da, lexikalizatuta dago, eta loturik idazten da. Beste hainbeste gertatzen da zeregin eta zeresan izenekin. Hirurak lexikalizatu dira, eta hiztegiko sarrerak dira, nahiz eta, berez, perpaus erlatibo jokatugabeetan izan jatorria Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 406. or.. Horregatik, bere jatorrizko adierarekin erabiltzen denean (alegia, ez erlazio esan nahi duenean, baizik eta ikusi aditzaren berezko adiera duenean), bereiz idazten da. Adibidez:
Jada ez dago zer ikusirik hemen, ikusi beharreko guztia ikusia dugu eta.
Hemen beti dago zer ikusirik, zertaz gozaturik, zer esanik.
Auzoetan ere egongo da zer ikusirik, ezta?
Galderako bigarren esaldia ez da zuzena. Hor, ikusteko ere izena da, eta biak (zerikusi eta ikusteko) baliokideak izateko, zer gabe erabili behar da ikusteko forma: Horrek ez du esandakoarekin zerikusirik = Horrek ez du esandakoarekin ikustekorik.
Baina, dirudienez, bi egiturak nahasi egin dira galderako bigarren esaldiko zer ikustekorik esamoldean (zerikusi hitzaren zer horrek eraginda).
Kontuan izan, hala ere, zer eta ikusteko perpaus berean ager daitezkeela, baina bakoitza osagai desberdina izanik: Zer ikusteko dut nik zurekin? Adibide horretan, zer galdetzailea da, eta ikusteko, berriz, aditz-izenarekin osatutako perpaus osagarria; beste adibide honen pareko egitura du, beraz: Zer palazio dauka, maitea, zuri emateko?
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, hitzak > izenak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.