Nola da "lege gordailu" hitzen laburtzapena: puntuekin (L.G.) ala punturik gabe (LG)?
- Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Laburtzapenen hiztegia. Ikurrak, laburdurak, siglak liburuan "L.G." ageri da, laburtzapenaren trataerarekin, nahiz nik siglatzat joko nukeen (eta, horrenbestez, punturik gabe idatziko).
- RAEk ere laburtzapentzat jotzen du gaztelaniazko "D.L." eta, ondorioz, puntuak jartzen dizkio.
Nire zalantzak horren inguruan:
- Ez bada "L.G." siglatzat jotzen, zergatik, horren jatorrizko esapidea osatzen duten bi hitzen lehen hizkiarekin osatzen bada?
- Bide beretik, zergatik ez da modu berean idazten, puntuekin, "PK" (posta-kodea), gorago aipatutako hiztegi horretan berean?
- Laburtzapenen trataera orokorrak lehen hizkia letra larriz eta gainerakoak xehez idazteko eskatzen du. Hortaz, "L.G." laburtzapena bada, zergatik ez da molde horren arabera idazten?
Euskaltzaindiak euskarazko laburdurak eta siglak zein diren zehaztu eta nola idatzi behar diren argitu bitartean, egokia da EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoaren irizpideetara jokatzea (Laburtzapenak Hiztegia, 2010): lege-gordailu / L.G. Ikusten denez, laburduratzat hartzen du.
Laburdura gehienak letra xehez idazten dira, baina ez den-denak. Aipagai dugun L.G. moldeaz gainera, badira letra larriz idazten diren beste zenbait ere: P.D. (post data), P.S. (post scriptum), N.B. (nota bene), R.I.P. (requiescat in pace), G.B. (goian bego), O.E. (ontzat emana)... Baita letra larriz eta xehez idazten direnak ere: K.a. (Kristo aurreko), K.o. (Kristo ondorengo).
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: ortografia > laburdurak, ortografia > siglak/akronimoak
Unitate-mota: hitzak > siglak, karaktereak > laburtzapenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.