Azterketa batean, Aukera anitzeko galdekizunetan honako hau agertzen zen:
Zergatik zaude hain haserre?
a) Ez zidatelako gaia azaltzera utzi
b) Ez zidatelako gaia azaltzen utzi
c) ...
d)...
Erantzunetan, ontzat, b) aukera ematen zen. Ekialdeko euskalkietan, hala ere, -tzera erabiltzen da. Zalantza: utzirekin -tzen erabili behar da beti ala biak erabil daitezke? Edo, non bata eta non bertzea?
Euskaltzaindiaren Hiztegian, [EH:utzi (7. adieran)], aditz-izena -tzen edo -tzera eran joan daitekeela esaten da berariaz. Hala, elkarren ondoan ageri dira (8. adiera) bi adibide hauek: Mintzatzen uzten dio Inaziok. Mintzatzera uzten du Inaziok.
Beraz,euskaraz bi erregimenak dira zuzenak; eta Euskaltzaindiak bietatik bat hobesten ez duen bitartean, euskara baturako ere biak dira onargarri.
Ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: utzi (sartzen/sartzea utzi didate / ez naute utzi sartzera / *ez naute utzi sartzen/sartzea)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak-aditzak > erregimena, perpausa > osagarriak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.