Araututa al dago -r letraz amaitzen diren hitzei —euskal hitzei zein kanpokoei— nola lotu kasu-marka? Modu eskematikoan ematerik bai halako kasuistika praktiko bat?
Galderan aipatzen den auzia arautu gabe dago bere osoan. Oraingoz behintzat hau dago arautua, Euskaltzaindiaren 196. arauaren 15.5 puntuan: r letraz bukatutako sigletan, R hori beti gogor ahoskatzen da eta ez zaie beste r-rik eransten kasu-marka jartzean (SERek, ELKARen, VARak…).
Nolanahi ere, euskal hitzei zein kanpokoei dagokienez, badira azken urteotan errotuz joan diren konbentzio nagusi batzuk. Hona hemen laburturik:
Izen arruntak:
◦ bai jada euskal hitz direnak ―euskal hitz baitira Euskaltzaindiaren Hiztegian daudenez geroztik―: charterrean, tuperrean, radarrean…
◦ bai erdal hitz direnak ere: bannerrean, customerrari… Azken kasuotan, hitzaren azken letra zein den argi gera dadin nahi badugu (lehen agerraldia duelako edo), egoki da letra etzanez eta marratxoz bereiztea: banner-ean, banner-ean; customer-ari, customer-ari… Alegia, marratxorik gabe idazten denean, -rr- bikoitza; eta letra arruntez eta marratxoarekin edo letra etzanez eta marratxoarekin idazten denean, -r- bakuna utzita. (184. araua)
Izen bereziak:
Euskal izenei bezala (Itziarrek, Igorrek, Aimarrek, Iribarrek, Ortuzarrek, Elkarrek, Elhuyarrek, Fagorrek…) lot dakieke erdal itxurakoei ere kasu-marka, edo, izenaren forma argi gera dadin nahi badugu, egoki da marratxoa erabiltzea ere: Pasteurrek/Pasteur-ek, Hitlerrek/Hitler-ek, Beauvoirrek/Beauvoir-ek, Twitterreko/Twitter-eko…
Dena delakoagatik hitz osoa letra larriz idazten denean, berdin. Marratxoa aukerakoa da: ASTEURREK/PASTEUR-EK, BANNERREAN/BANNER-EAN... (euskarazko izena baldin bada, aukera bakarra dago, hala ere: IKERREK, *IKER-EK; ELGOIBARREN, *ELGOIBAR-EN…). Nolanahi ere, hitz bat osorik letra larriz idaztea ez da ohikoa paragrafo baten barnean. Testuinguru berezietan baino ez dira erabili ohi, hala nola liburu-azaletako izenburuetan, liburu baten barneko kapituluen izenburuetan edo tipografia diseinuaren mende dagoen testuinguruetan (esaterako, publizitate-mezuetan, afixetan, pankartetan eta gisako iragarkietan). Halakoetan, ohikoagoa da kasu-marka zuzenean lotzea: PASTEURREK, BANNERREAN...
Data: 2024-07-15
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, izen bereziak > pertsona-izenak/deiturak, izen bereziak > bestelakoak, ortografia > marratxoa
Unitate-mota: hitzak > izenak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.