Badakit ez direla berdin etortzeagatik (kausa zein helburua) eta etorriagatik (kontzesiboa). Baina lehenaldi burutuak izan eskatzen duenean ez daukat hain argi. Hau da: Aita etorri izanak poztu du moldatu eta Aita etorri izanagatik (kausa) poztu da esan al daiteke? Ala Aita etortzeagatik poztu da esan behar da? Nik lehena erabiltzen dut, baina ez dakit ongi dagoen.
Berrikuntzak dira Aita etorri izanagatik poztu da bezalako balio kausaleko egiturak. Hala dio Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 152. or. eta Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 182. or. liburukiak. Ondorioz, gaur egun, estilo-hobespen modura, horrelakoak balio kontzesiboan soilik erabiltzeko gomendioa egiten dute estilo-liburuek.
Ikus hauek ere: "Helburua adieraztea: -tzearren, -tzeagatik" (JAGONET), "Kausa adieraztea: -tzeagatik/-lako (merkeagoa izateagatik/delako)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak-aditzak > partizipioa, perpausa > kausa, perpausa > kontzesioa
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.